Tahures Zurdos rock taldea Lekeitioko Ikusgarrin ariko da
Talde iruindarrak azaroaren 12an eskainiko du kontzertua Ikusgarrin. Sarrerak salgai daude, Internetez eta baita Zerbyte informatika dendan ere.

1987. urtean Iruñean sortu zen Tahures Zurdos rock taldea, eta hamazazpi urte beranduago, 2004. urtean, taldea desegin egin zen. Baina 2020an berriro ere agertokietara itzuli ziren, “zaletasunak eta beharrak” bultzatuta. Hainbat emanaldi eman eta gero, azaroaren 12an Lekeitioko Ikusgarrin ariko dira; kontzertua 20:30ean hasiko da. Sarrerak salgai daude Interneten, Zerbyte informatika dendan eta, soberan geratuko balira, emanaldiaren egunean bertan Ikusgarriko leihatilan ere erosi ahalko dira; sarrerak 18 euro balio ditu.
2004. urtera arte, taldeak zortzi disko eta zuzenekoen disko bikoitz bat argitaratu zituen. Euren abestietan The Who, Led Zeppelin, David Bowie edo Lou Reeden eragina nabarmena dela diote.
Euren lehendabiziko maketa grabatzeko 40.000 pezeta ordaindu zituzten. Oihuka euskal diskoetxean lortutako arrakasta zela eta, taldea EMIk fitxatu zuen Nieve negra hirugarren diskoa argitaratzeko.
Taldeko kideak: Aurora (ahotsa eta gitarra), Lolo Beltrán (gitarra), Juanma Ugarte (baxua) eta Javier Lizarazu Puntxes (bateria).
Diskografia:
- 1988: Tahúres zurdos (Oihuka)
- 1990: Tahuría (Oihuka)
- 1991: Nieve negra (EMI)
- 1992: Árido (EMI)
- 1994: La caza (EMI)
- 1996: Azul (BMG-ARIOLA)
- 1998: Tak (ARCADE)
- 2000: El tiempo de la luz (SONY)
- 2004: 17 Años (Do it Records)