Aldundiak bizikletak konpontzeko lau puntu jarri ditu Lea-Artibain
Amoroton, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan jarri dituzte BiziPuntu izeneko guneak. Gaur goizean [azaroak 3] egin dute guztien aurkezpena Lekeition.
Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Iraunkorra Sustatzeko foru diputatuak eta Koldo Goitia, Ibon Gabiola eta Zunbeltz Bedialauneta Lekeitioko, Amorotoko eta Ondarroako alkateek eskualdean bizikletak konpontzeko eta mantentzeko jarri dituzten gune berriak aurkeztu dituzte gaur [azaroak 3] goizean. Bizkaiko Foru Aldundiak lau BiziPuntu jarri ditu eskualdean, Lekeition Arropainen, Markina-Xemeinen Beko Benta kalean, Amoroton Oletako Ibai Gane jatetxearen atzean eta Ondarroan Zaldupeko kiroldegiaren ondoan hain zuzen ere, eta Lekeitioko Arropaingo aparkalekuan dagoena aukeratu dute aurkezpenerako.
Diputatuak azaldu duenez, aldundiaren mugikortasun-estrategiaren barruan, bizikleta aisialdiko jardueretarako eta ludikoetarako garraiobide gisa ez ezik aldundiak dituen garraiobide guztiekin bat egiten duen ohiko garraiobide gisa sustatzea dute helburu. Bide horretan, aldundiak 63 BiziPuntu jarriko ditu urtea amaitu baino lehen Bizkai osoan. “Garapen Iraunkorraren helburuak lortzeko, ingurumena gehiago errespetatzen duen mugikortasuna behar dugu, eta helburu horretan bizikletak funtsezko zeregina du, ez aisialdirako bakarrik, baita ohiko garraiobide gisa ere. Ahalegin handia egiten ari gara Bizkaian mugikortasun eredu iraunkorragoa lortzeko, belaunaldi berrien orainaldian eta, batez ere, etorkizunean pentsatuz”.
Ezaugarriak. BiziPuntuak 20×20 eta 140 zentimetroko altuera duten zutabeak dira, bizikleten konponketa txikietarako. Zutabe horiek zortzi erreminta dituzte: bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, giltza txikiak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatzeko eta muntatzeko tresnak. Erreminta guztiak altzairuzko kable erretraktil batez daude zutabeari lotuta. Horrez gain, pneumatikoak puzteko sistema bat dauka, biradera birakariaren bidez eragiten dena eta manometro batekin. Zutabea besoekin osatuta dago bizikleta finkatu eta konponketak makinaren gainean egin ahal izateko. Gainera, bizikleta garbitzeko aukera ere ematen du; tutu txiki bat du horretarako.
Bestalde, QR kode batek BiziPuntuak ahalbidetzen dituen mantentze eta konponketa lanetarako tutorialak kontsultatzeko aukera ematen die erabiltzaileei.
Amorotoko alkatea aurkezpenean zegoela aprobetxatuta, Oletan jarriko duten autobus geltokiaren berri ere eman du diputatuak. Markesina bat jarriko dute Amorotoko Udala berrurbanizatzen aritu den Oletako eremu batean. “Landa eremura egokitzen den egurrezko markesina bat jarriko dugu. 15.000 euro gehi BEZ balio ditu. Eskatu dugu, eta, eduki bezain laster jarriko dugu”.
Amorotoko alkateak proiektu biak eskertu dizkio aldundiari. “Eskerrak guretzat handiak diren eta guk bakarrik burutu ezin ditugun proiektu txiki hauengatik”.
Lekeitioko alkateak ere aldundiaren lana eskertu du, eta gogorarazi du GR-38 Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea egin nahi duten bisitari asko izaten dituztela herrian, eta puntu berri horrek ibilbide hori sustatzen lagunduko duela adierazi du. “Hemen ondoan gainera, Bizkaibus zerbitzua izateak, garraiobideak konbinatzeko aukera eskainiko dio jendeari”.
Mugikortasun azterketa. Bizkaibus egiten ari den ahalegina ere nabarmendu du Goitiak. Eskualdeko beste udalerri guztiekin batera mugikortasunari buruzko azterlan bat burutzen ari direla aurreratu du Lekeitioko alkateak. “Gure garraio publiko bakarraren denborak zelan hobetu jakiteko azterketa bat egiten ari dira, herri handietara eta landa guneetara ondo iritsi ahal izateko eta baita horietatik Bilbora eta Gernika eta Galdakaoko ospitaleetara heltzeko”.