Hezkuntza publikoaren alde eta pribatizazioaren aurka mobilizatuko dira Bilbon
Manifestazioa zapatuan [azaroak 6] egingo da, 'Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez!' lelopean. Hezkuntza Ordezkaritzatik (Gran Via 85) aterako da manifestazioa.
Euskal Eskola Publikoaz Harro! Topagunea osatzen duten eragileen aldarrikapenak entzungo dira zapatuan [azaroak 6], 17:00etatik aurrera, Bilboko kaleetan. Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez! lelopean egingo den manifestazioa Hezkuntza Ordezkaritzatik (Gran Via 85) atera eta Arriagan amaituko da. Lea-Artibaiko hainbat ikastetxek manifestazioan parte hartzeko deialdiagaz bat egin dute.
Eskola publikoak administrazioaren “lehentasun osoa” eduki behar duela azpimarratu dute, beharrezko baliabide ekonomiko, material eta pertsonalekin, “eskola publikoa denona eta denontzakoa den eskola delako”. Hala, eskola “bakarra” aldarrikatzen dute. Beraz, euren berbetan, “eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu” behar da udalerri eta auzo guztietan 0-18 urte bitartean.
Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia dela diote: “Ez da lerro pribaturik irekiko eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean. Pribatizazioarekin amaitu behar da. Sortzen diren ekimen pribatu guztiak, derrigorrezkoak ez diren etapak barne (haur hezkuntza eta batxilergoa) baimendu, itundu eta diru publikoarekin sostengatzen dituen politikarekin bukatu behar da”.
Euskarazko murgiltze eredua orokortzearen beharra ere aldarrikatzen dute. Euren ustez, diru publikoarekin ezin da finantzatu “euskalduntzen ez duten eta, beraz, inklusioaren eta integrazioaren kontra jokatzen duten hizkuntza-ereduak dituzten ikastetxe pribatuak”.