Beste saio bat egingo dute Ondarroako Udal Berdintasun Plan berria zehazteko
Saio irekia azaroaren 10ean egingo dute Etxelilan. Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak saioan parte hartzeko dei berezia egin die Etxelilako erabiltzaileei.
2019ko III. Berdintasun Planaren ebaluazioa abiapuntutzat hartuta, IV. Berdintasun Plana zehazteko lanketa prozesuan murgilduta jarraitzen du Ondarroako Udalak. Berdintasun Planari jarraipena emateko beste lan saio ireki bat antolatu dute; saioa azaroaren 10ean egingo dute, 18:00etan, Etxelilan. “Lan saio horren helburua da orain arteko prozesuan jasotako ekarpenekin osatzen ari den IV. Berdintasun Planaren zirriborroa ezagutzera ematea eta horri buruzko ekarpenak jasotzea”.
Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak saioan parte hartzeko dei berezia egin die Etxelilako erabiltzaileei. “Saio irekian parte hartzera gonbidatu nahi ditugu Etxelilako erabiltzaileak zein gaian interesa duten guztiak. Prozesu guztian bultzatu nahi izan dugun parte hartzeari jarraituz, ahalik eta ekarpen eta iritzi gehien eta anitzenak jasotzea lortu nahi dugu”.
Esan dutenez aurreko hilabeteetan diagnosi faserako zenbait eragilegaz lan saio eta eztabaidaguneak egin dituzte, “Ondarroako emakume eta gizonen berdintasunari buruzko analisia egiteko eta lehentasunak identifikatzeko”. Hala, hiru ardatzi buruzko azterketa egin dute: alde batetik, emakumeen ahalduntzea eta partzea, bestetik, ekonomia eta gizarte antolakuntza eta, azkenik, emakumeen aurkako indarkeria. Tarte berean, udalak berak bere barne antolaketan berdintasuna bermatzeko hartu beharreko konpromisoak ere aztertu ditu.