Ondarroako zirkulazio ordenantza berriari ekarpenak egiteko tartea zabaldu dute
Udaltzaingoa arduratu da ordenantza berriaren lanketa sakona egiteaz eta zirriborroa idazteaz. Ekarpenak egiteko azken eguna azaroaren 12a da.
Ondarroako Udala zirkulazioa arautzeko ordenantza berria idazten ari da. Proposamena Antolaketa Batzordetik igaro ostean, eta Udaltzaingo eta Hirigintza Sailagaz, Zatozte Ondarroako Merkatari eta Ostalarien elkarteagaz eta bi udal taldeen artean landu ostean, herritarrei ordenantzaren zirriborroa erakutsi eta ekarpenak egiteko epea zabaldu dute. Azaroaren 12ko 14:00etara arte egin daitezke ekarpenak.
Besteak beste, herri barruko bideen erabilera zehaztu, aparkalekuak modu zuzenean banatzeko arauak eman eta bizikleten, patineteetan eta abarren zirkulazioa arautu nahi dituzte.”Ordenantza berri honen helburua da udalaren titulartasuneko bideetan egindako zirkulazioko arau hausteak zigortzea eta lehentasuneko arreta behar duten bideen erabilera zehaztea eta arautzea”.
Udal iturriek ezinbestekotzat jo dute herritarren parte hartzea, eta plangintzari ekarpenak egiteko eskatu dute. Ekarpenak helarazteko bi modu daude: presentzialki erregistratu ahal izango dira Udala Erregistro Orokorraren bulegoan edo orokorra@ondarroa.eus posta elektronikora mezu bat idatzita. Herritarren ekarpenak jaso eta aztertu ostean, udalbatzak berretsi egin beharko du ordenantzaren proposamena.
Esan dutenez Udaltzaingoa arduratu da ordenantza berriaren “lanketa sakona” egiteaz eta zirriborroa idazteaz, “egunerokotasunean eta etorkizuneko erronketan oinarrituta”. Gaineratu dutenez, zirkulazioa arautzeko ordenantza berriak atal desberdinak dauzka, “herrian eta herriko bideetan gertatzen diren arazoei irtenbidea eman asmoz”.