Asola Berri taldeko Bittor Astigarragak irabazi du Markina-Xemeingo hiru txirlo bola jokoa
Azkoitiko Floreaga taldeko Santos Muñoz sailkatu da bigarren eta Elgoibarko San Migueleko Xabier Loiola hirugarren. 71 parte hartzaile aritu dira Lauzirika Herri Bolatokian.
Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren agertokia izan da gaur [azaroak 6] Markina-Xemeingo Lauzirika Herri Bolatokia. Gaztetxoetatik nagusietara, 71 parte hartzaile aritu dira bola jokoan. Eta bolatokiaren kanpoan, zaleak, animoak ematen. Sei sari zeuden jokoan, eta horiek lortzeko, ohi legez, hiru tiraldi izan ditu bolari bakoitzak. Zortzi txirlo bota dituzten hiru bolari, zazpi txirlo bota dituen bat eta 6 txirlo bota dituzten lauren artean jokatu da azken txanpa.Â
Punteria onenagaz, Bittor Astigarraga beteranoa izan da irabazlea. Besoak jasota ospatu du garaipena Eibarko Asola Berri taldeko kideak. Mikel Urkia Zuloaga Euskal Herriko hiru txirlo bola joko modalitatearen presidentearen eskutik jaso du saria, eta Urkiak bitxikeria bat partekatu du bolatokian bilduta zeudenekin: “MX3T taldearen kamisetetan ageri den bolariaren silueta gaurko irabazlearena da”.
Azkoitiko Floreaga taldeko Santos Muñoz sailkatu da bigarren eta Elgoibarko San Miguel taldeko Xabier Loiola hirugarren. Laugarren postua herrian geratu da: Iker Arizmendiarrietak lortu du. San Migueleko Angel Ibarluzea izan da bosgarren sailkatua eta Asola Berriko Olaitz Rodrigez seigarrena.
Azken jardunaldia, Azpeitian. Datorren asteburuan erabakiko da Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa. Azpeitiko Garmendipeko bolatokiak hartuko du azken jardunaldia, eta bertan jakingo da zeintzuk diren irabazleak. Bi aste barru, berriz, Iruzubietak Lehendakari Txapelketa hartuko du. Bertan ariko dira EHko txapelketako 64 bolari onenak.