Arrakastatsua izan da Mutrikuko espeleologia jardunaldia
Euskal Herriko eta kanpoko espeleologoek zortzi hitzaldi motz eskaini zituzten barikuan. Burumendi Espeleologia Taldeak ekintzari buruzko balorazio ona egin du.
Karst and Caves nazioarteko urtearen harira, Karts jaialdia: harria eta herria jaia egin du asteburuan Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Jai horren barruan espeleologiari buruzko jardunaldia egin zuten Mutrikun, bariku [azaroak 5] iluntzean, Zabiel kultur etxean. Euskal Herriko eta kanpoko espeleologoek zortzi hitzaldi motz eskaini zituzten.
Parte hartu zuten adituen artean zeuden Mutrikuko Burumendi Espeleologia taldeko bi kide. “Oso pozik” agertu dira jardunaldiak emandakoaz. “Dena oso ondo joan zen eta jendea gustura egon zen. Herritar asko eta espeleologia munduko jende asko batu zen Zabielen; aretoa dezente bete zen”.
Jardunaldia “interesgarria” izan dela esan dute, eta beste talde batzuk egiten ari diren lana lehenengo eskutik ezagutzeko balio izan duela gaineratu dute. “Hitzaldiak askotariko gaiei buruzkoak izan ziren, eta hori ere oso aberasgarria izan da. Ikerketa ezberdinei buruz aritu ziren: Geologia eta kobazulo barruko tenperatura eta horien aldaketari buruz, esaterako”.