Autobusak antolatu dituzte EH Bilduk deituta Bilbon egingo den manifestaziora joateko
Manifestazioa azaroaren 20an egingo da, 17:30ean, Casillatik abiatuta. Hemen autobusetan izena emateko informazioa, herrika.
EH Bilduk deituta, manifestazio orokorra egingo da azaroaren 20an Bilbon, Lortu arte! lelopean. Mobilizazioa “garrantzitsua” dela dio EH Bilduk. “Azaroaren 20an erronka politiko handia daukagu; Bilboko kaleak betetzea, independentismo eta subiranismo ezkertiarraren indarra zein den erakusteko, eta herri hau ez dela geldituko aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte”.
Erronka horri aurre egiteko 120 autobus zerrenda baino gehiago daude zabalik Euskal Herri osoan. Hona hemen Lea-Artibai eta Mutrikun zabalik dauden zerrenda guztiak (azaroaren 19a da izena emateko azken eguna):
- Aulesti: Ubilla aterpetxean izena eman behar da.
- Berriatua: Zentrala tabernan izena eman behar da.
- Etxebarria: Otsolo tabernan izena eman behar da.
- Lekeitio eta Mendexa: Galarrenan izena eman behar da.
- Markina-Xemein: Ixaie dendan izena eman behar da.
- Mutriku: Zubixan edo 606 28 18 66 telefono zenbakira deituta edo idatzita.
- Ondarroa: Kulixka eta Anaitasuna tabernetan izena eman behar da.
- Ziortza-Bolibar. Autobusean izena emateko ondoko telefono zenbakira deitu edo idatzi behar da: 634 42 91 35.
Domekan [azaroak 7], gainera, hainbat herritar batu ziren Ondarroako Plaiko Zubian, azaroaren 20an Bilbon egingo den manifestazio nazionala babesten eta bertan parte hartzeko deia egiten. Lortu arte! leloa zeraman pankarta atzean argazki erraldoia ateratzeko nahiagaz batu zirenek zubia bete zuten.
Herri batzarra, Ondarroan. Zapatu [azaroak 6] arratsaldean herri batzarra egin zuten Kofradia Zaharrean Larraitz Ugarteren eta Unai Urruzunoren parte hartzeagaz. Hurrengo urterako erronkak azaldu eta kezkak argitzeko aukera eduki zuten bertaratu zirenek. “40 bat lagun inguru batu ginen. Herri batzarra oso interesgarria izan zen. EH Bildun 2021-2022 ikasturterako daukagun plan politikoa eduki genuen eztabaidagai; horren nondik norakoak azaldu zituzten”.
Horrez gain, denen ahotan dabiltzan gaurkotasun gaiei buruz eztabaidatzeko aukera ere eduki zuten. Beste hainbat gaigaz batera urriaren 18ko adierazpena, Espainiako, Nafarroako eta Euskal gobernuetako aurrekontuetan EH Bilduk hartuko duen bidea, azaroaren 20ko manifestazioak daukan garrantzia eta apustu hori zergatik egin duten izan zituzten mintzagai.