Azaroaren 22a da Ispasterko literatur lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna
'Pobreziarik gabeko mundu hobe bat' da gaia, eta adin-tarteen arabera, sei kategoria daude.
V. Ispasterko Literatura Lehiaketa arautzen duten oinarriak kaleratu berri ditu Ispasterko Udalak. Udalerriko ume, gazte eta helduen artean euskal literatura sormena bultzatzeko helburuagaz antolatu dute beste urte batez lehiaketa.
2015etik aurrera jaiotakoek parte hartu dezakete, beti ere Ispasterren erroldatuta badaude edo herriko ikastetxean matrikulatuta. Adinaren arabera, sei kategoria zehaztu dituzte; A kategoriatik C kategoriara daude Lehen Hezkuntzako (LH) ikasleak; D eta E kategorietan daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak (DBH) eta Fan gainerako herritar guztiak. Azaroaren 22a [astelehena] arte aurkeztu daitezke lanak.
A kategoriakoek udaletxean utzi behar dituzte euren lanak, izen-emate fitxagaz batera. Gainontzeko mailetakoek, ostera, udalaren web orrialdean daukaten esteka erabili behar dute. Kategoria bakoitzeko esteka bat dago. PDF formatuan eta goitizenez sinatuta (ez da egilearen datu pertsonalik agertu behar) aurkezteko eskatu dute: “Hala ere, beharrezko baliabide teknikorik ez dutenek lana eskuz eginda ere aurkeztu ahalko dute”.
Pobreziarik gabeko mundu hobe bat da gaia, eta idazlanak euskaraz idatziak, originalak, inon argitaratu gabeak eta inongo lehiaketara aurkeztu gabeak izan behar dira. Parte hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal du, eta prosaz, Calibri 12 letra tamainaz, paragrafoak justifikatuta eta 1,5eko lerroarteagaz egon behar dute.
A kategoriakoek nahi adina berba eta marrazki sartu ditzakete euren lanetan. Gainontzekoenak, ostera, gutxienez 200 hitzeko luzera daukaten testuak izan behar dira.
LHko ikasleen kategorietan (Atik Cra) eta F kategorietan liburuetan edo eskola materialetan gastatzeko txartelak eta diplomak jasoko dituzte irabazleek. DBHko ikasleen kategoria bietako irabazleek (D eta F) Mendexa Abentura Park-erako bina sarrera, eskola materialetan gastatzeko txartelak eta diplomak hartuko dituzte.
Epaimahaia Ispasterko Udalak izendatuko du eta epaimahaiaren erabakiari ezin izango zaio apelazioarik aurkeztu.
Aurkeztutako idazlanen kopurua “espero baino handiagoa” bada, epaimahaiak ipuinak irakurtzeko eta aztertzeko denbora nahikoa hartzeko, erabakia atzeratzea posible dela zehaztu dute. Era berean, epaimahaikideen ustez aurkeztutako testuak ez badira “beharrezko kalitate mailara iristen”, sariak eman gabe gera litezke. “Eta kategoria bereko bi lan saritzea ere posible da”.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 3an, Euskararen Egunean egitea aurreikusi dute.
Gogoratu dute aurkezturiko lanak Ispasterko udalaren esku geratuko direla. Udalak bere webgunean edo beste komunikabide zein euskarritan argitaratu ahalko ditu, egilea aipatuz betiere. Era berean, Ispasterko udalak lehiaketan egindako argazki eta bideoak erabili ahal izango ditu.