Lea-Artibain automozioaren sektorean 550 lanpostu inguru galdu direla esan du LABek
Gaineratu dute momentu honetan sektoreko enpresa guztiak "egoera oso kezkagarrian" daudela. Cikautxori azpikontratak bizirik mantentzeko "esfortzua egiteko" eskatu diote.
LAB sindikatuak automozioaren sektoreak azken hiru urteetan eduki duen beherakada errepasatu eta automozioan diharduen Cikautxori azpikontratatuta dituen enpresak bizirik mantentzeko “esfortzu berezia” egiteko eskaera egin dio. Diotenez, Lea-Artibain automozioak duela hiru urte baino 550 lanpostu gutxiago ditu.
“Dieselaren auzia izan zen lehenengo. Gero pandemia heldu zen, eta orain mikrotxipen falta. Gure eskualdean eragin zuzena eduki dute horiek”, diote LABekoek. Izan ere, eskualdeko hiru enpresa handienetatik bik (Cikautxo eta Nemak) zuzenean auto fabrikatzaileentzat lan egiten dutela esan dute. “2018tik hona lau enpresa itxi dira, isil-isilik, eta geratzen diren beste seiretan langile kopurua erdira jaitsi da; 280 langiletik 120 edukitzera pasatu dira. Beraz, azken urteetan 550 lanpostu inguru galdu dira. Eta ez dirudi epe laburrean egoerak hobera egingo duenik”.
Gaineratu dute momentu honetan sektoreko enpresa guztiak “egoera oso kezkagarrian” daudela: “Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ABEE) daude edo horiek tramitatzen ari dira. Eta hurrengo hilabeteetarako dituzten ekoizpen aurreikuspenekin, enpresa batzuk astean bi egun egingo dituzte bakarrik lan, beste egunetan lantalde erdia etxean egongo da eta bestea erdia ABEEn”. Beste enpresa batzuetan, ostera, astean hiru egun egingo dituztela lan diote. “Eta egoera okerrenean daudenak 2020ko maiatzetik daude laneko egutegirik gabe; egunean bertan jakiten dute hurrengoan lanera joan behar duten edo ez”.
Azpikontratak. LABek dio iraganean hartutako erabakien ondorioz sortu zirela enpresa txikiak (azpikontratak). “Enpresa handiek piezen prozesu jakin batzuk azpikontratatzea erabaki zuten horien errentagarritasuna handitzeko, eta hala enpresak sortzea sustatu zuten. Horregatik, orain, enpresa horiek hiltzeko zorian daudenean, Cikautxok ezin die bizkarra eman”.