Ondarroako gazteei eta etxebizitzei buruzko diagnostikoa egingo du udalak
Udalak eta Aztikerrek zozketaz aukeratutako pertsonei bidaliko dizkiete inkestak. 300 erantzun baino gehiago jasotzea da asmoa.
Etxebizitza politika “eraginkorra” diseinatzeko asmoagaz, gazteei eta etxebizitzei buruzko diagnostikoa egingo du Ondarroako Udalak. Diagnostiko hori Aztikerren bitartez egingo dute, eta 18-35 urte bitarteko gazteen bizipen eta iritzietan oinarrituko da. Ikerketa lan horren urratsetako bat azaroan egingo den inkesta bat da; 300 erantzun baino gehiago jasotzea da asmoa.
Udalak eta Aztikerrek zozketaz aukeratutako pertsonei bidaliko dizkiete inkestak. Galdetegia Internet bidez ere bete daiteke azaroaren 11tik 26ra bitartean. “Herriko gazteek zenbat -eta inkesta gehiago bete, orduan eta zehatzagoa izango da inkestaren ondorioa. Oso garrantzitsua da errealitate hau lehen eskutik ezagutzea etxebizitzari buruzko politika eraginkorrak diseinatzen hasi baino lehen”, azaldu du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak.
Adierazi dutenez, inkestak bidaltzeko zozketa adin tarte eta sexuari erreparatutako balioen arabera egin da, “herritarren proportzioak mantenduz”. Galdetegia betetzea erreza izango dela gaineratu dute. “10 minutu eskaseko zeregina da. Erabat anonimoa izango da eta Aztiker Soziologia Ikergunea arduratuko da datuak jaso eta tratatzeaz”.