Partida bikainak ekarri ditu Master Goxuaren bigarren jardunaldiak
Berasaluze-Malax, Varela-Unanue, Iñaki-Legarra eta Igor Jaio-Aitxulua bikoteak izan dira oraingoan nagusi.
Partida onak eskaini ditu asteburu honetan ere Markina-Xemeingo Master Goxua Txapelketak. Lehia izan da nagusi bai zapatuan [azaroak 6] zein domekan [azaroak 7]. Hainbat zale hurreratu ziren zapatuan frontoi txikira esku pilotaz gozatu asmoz.
Berasaluze-Malax eta Balseras-Zubilla neurtu ziren lehenengo zapatu goizean, eta Berasaluzek eta Malaxek aurrera egiteko lehen garaipena eskuratu zuten 18 eta 10 irabazita. Zapatu arratsaldean, berriz, partida bi jokatu ziren. Lehenengo Latxi-Uriguen eta Varela-Unanue aritu ziren zein baino zein gehiago. Partida dotorea eskaini zuten bikoteek, jokaldi ederrekin, baina 18 tantoak markagailu urdinera joan ziren azkenean, Varela eta Unanueren aldera. Hurrengo partida, berriz, ez zen horren lehiatua izan. Hasieratik hartu zuten agintea Iñakik eta Legarrak eta nagusitasunez irabazi zieten Jonro eta Olaberi (18-4).
Domekan jokatu zen Igor Jaio-Aitxulua eta Peio Etxebarrieta-Oier Urrutia bikoteen arteko partida. Horretan ere ez zen lehiarik falta izan, azkenean, baina, garaipena Jaio eta Aitxuluarentzat izan zen; 18-13 irabazi zuten.
Asteburuan jarraituko du txapelketak. Hala ere, astean zehar ere jokatu beharko dute partidaren bat ere. Oraingoz lehenengo partidak jokatzen ari dira txapelketako bikoteak, baina datorren asteburutik aurrera bigarren norgehiagokak era edukiko dituzte batzuk. Guztira, hiru partida jokatuko dituzte bikoteek finalaurrekoetara igaro aurretik. Finalak abenduaren 11n izango dira.