Azaroaren 22a da Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera egiteko azken eguna
Posta elektronikoz eta Debako turismo bulegoan jasoko dituzte eskaerak. Laguntza gehienez 3.500 eurokoa izango da.
Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak laguntzen deialdi irekia zabaldu du bigarrenez, ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko asmoarekin. Erakundeak urtero eskaini ohi du Geoparkeko natura eta kultura ondareari, eta, bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa lanak egiteko laguntza bat. Aurten, geologiaz gain, ekologia, naturagune babestuak, historiaurrea, kultura ondare ukiezina eta itsas ondarea izango dira lehenetsiko diren gaiak.
Laguntzen deialdi irekira eskaerak aurkezteko azken eguna azaroaren 22a da. Geoparkearen webgunean Zientzia eta Hezkuntzako Ikerketa atalean deskargatzeko prestatuta dagoen inprimakia bete behar dute eskatzaileek, eta eskatutako dokumentazioarekin batera era digitalean zein paperean bidali behar dira. “Bi moduetara egin behar da nahitaez”. flysch@gipuzkoa.eus posta elektronikoan eta Debako turismo bulegoan (Ifar kalea, 4. 20820 Deba) jasoko dituzte eskaerak.
Pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahalko dute laguntza, eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Urtebeteko edo bi urteko iraupeneko proiektuak aurkez daitezke eta laguntza gehienez 3.500 eurokoa (zergak barne) izango da. Eskaerak bidaltzeko epea amaitu ostean, Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren ordezkari batek, zuzendaritza zientifikoak eta Geoparkearen gerentziak baloratuko dituzte aurkeztutako eskaerak. Ondoren, Geogarapen elkarteko Zuzendaritza Batzordeari helaraziko dizkiete ebazpenak, urtea amaitu baino lehen onets ditzan.
2020an Josu Narbarte historialarik eta Eneko Iriarte geologoak aurkeztu zuten ikerketa izan zen aukeratua; azken mendean bertoko paisaiak izan duen bilakaera kulturala aztertzea du helburu. “Itsas ondarea, baserria, basoa, nekazaritza eta beste hainbat erabilerak gaurko paisaian utzi duten arrastoa ulertzea ahalbidetu du ikerketak, dokumentu zaharrak eta zundaketa geologikoak aztertuz”.