Biodibertsitateari buruzko topaketa egingo dute Mutrikun
Jardueran parte hartzen dutenek Arno mendikateko pinudietan eta artadietan dauden onddoen biodibertsitatea ezagutzeko aukera edukiko dute. Parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak Biotop izeneko biodibertsitate topaketa antolatu du domekarako [azaroak 14]. Jarduera Mutrikuko Olatz auzoan egingo dute, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Hitzordua 10:00etan ipini dute, San Isidro ermitaren alboan dagoen aparkalekuan. Antolatzaileek esan dutenez, jarduera edonori dago zuzenduta eta doakoa da. “Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea du helburu”.
Jarduerak hiru orduko iraupena du. “Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntzarekin Arno mendikateko pinudietan eta artadietan dauden onddoen biodibertsitatea ezagutuko dugu”. Adierazi dutenez, mikologia ezagutzeko ibilaldia gaztelaniaz izango da. Parte hartzeko interesa dutenek Internetez izena eman behar dute, bertan dagoen eskaera orria beteta. Zapatua [azaroak 13] da izena emateko azken eguna, eta antolatzaileek esan dutenez 20 lagunentzako tokia dago.