Euskara eta feminismoa uztartuko ditu Ondarroako Literatur Amuak jaialdiak
Euskarak eta feminismoak zipriztindutako hemeretzi hitzordu eskainiko dituzte azaroaren 19tik abenduaren 5era bitartean. Bi erakusketa ere ikusgai egongo dira Etxelilan eta Kofradia Zaharrean.
Formatu berritzailegaz dator Ondarroako Literatur Amuak jaialdia. Aurten ohikoa baino egun batzuk beranduago ospatuko da ekimena eta, estreinako, Euskara eta Berdintasun sailek elkarlanean antolatu duten egitaraua izango du; Literatur Amuak ekimeneko eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguneko egitarauak bateratu dituzte, Feminismotik euskaraz, euskaraz feminismotik lelopean. “Euskaratik abiatuta, indarkeria matxistaren eta emakumeenganako indarkeriaren aurka agertu nahi du udalak egitarau honen bidez”.
Azaroaren 19tik abenduaren 5era bitartean galdu ezinezko hemeretzi hitzordu dakartza egitarauak: besteak beste, liburu aurkezpenak, erakusketak, antzerki emanaldiak, kontzertuak, poesia errezitaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte. “Izango dugu zertaz gozatu Ondarroan eta, aldi berean, zer aldarrikatu ere. Aldarrikatuko dugu ez dugula emakumeenganako indarkeriarik onartzen. Aldarrikatuko dugu nazkatuta gaudela indarkeria matxistagaz eta ozen esango dugu baita ere emakumeak plazetan nahi ditugula. Eta noski, aldarrikatuko dugu euskaraz bizi nahi dugula; gure herrian eta gure hizkuntza bizitzeko nahia dugula, euskarak egiten gaituelako herri”.
Azaroaren 19an herriko Beldur Barik sariketagaz estreinatuko dute egitaraua. Ekitaldian, gainera, Nahikoa dela abestiaren bertsioa zuzenean entzuteko aukera egongo da. Azaroaren 20an, berriz, Kali geuri be bara izenburua daukan Andrabanda Feministaren 10. urteurreneko dokumentala aurkeztuko dute Kofradia Zaharrean. Ohikoa den modura, herriko artistei eta sortzaileei ere lekua egin diete egitarauan. Azaroaren 26an, esaterako, Alain Lersundik artista ondarrutarrak Nire zigilua. Homofobiaren (beste) istorio bat lan transformatiboa eskainiko du, Kofradia Zaharrean.
Ekintza batzuetara joan ahal izateko sarrerak edo gonbidapenak beharko dira. Turismo bulegoan egongo dira eskuragarri eguenetik [azaroak 11] aurrera
Azaroaren 27an, aldiz, Ondarroa inguruko ipuinak bilduma oinarri duen umeentzako ikuskizun sentsoriala eskainiko dute Kofradia Zaharrean. Augustin Zubikarai idazle ondarrutarra gogoan hartuta literaturari zuzendutako ekintzak ere egingo dituzte. Euskararen Egunean (abenduak 3) jarri dute, hain zuzen, aurtengo hitzordua. Ekitaldia 18:00etan hasiko da Kofradia Zaharrean. Ekitaldia amaitutakoan Mikel Etxaburu olerkigile ondarrutarraren poesia errezitaldi musikatua hasiko da Musika Eskolan.
SARRERAK. Ekintza batzuetara joan ahal izateko sarrerak edo gonbidapenak beharko dira. Turismo bulegoan egongo dira eskuragarri eguenetik [azaroak 11] aurrera, honako egun eta ordutegian: martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. “Beste ekitaldietara heldu ahala sartu ahal izango da, edukiera bete arte”.