Jose Agustin Larrañaga: "Markina-Xemeinen garrantzi handia eduki du zesta-puntak, eta hori ez dugu ahaztu behar"
Pilotariei buruzko biografia liburu gutxi argitaratzen dira, baina Jose Agustin Larrañagak badaramatza bederatzi, eta hurrengoa prestatzen ari da jada. Aurten, Fernando Orbea Markina-Xemeingo puntistaren biografia kaleratu du.
Zergatik hasi zinen biografia hauek idazten?
Kontu honetan sartu ninduena Etxebarriko Martzelino izan zen; 20 bat urte izango dira. Orduan bizirik zegoen Martzelino, eta zesta-puntagatik neukan zaletasun handia ikusi zuenean, Mexikon bera egon zeneko aldizkariak ekarri zizkidan, Cancha aldizkariak. Garai hartan hemen ez genuen ezer ere jakiten kanpora joaten ziren puntistei buruz, eta aldizkarien bitartez hasi nintzen ikusten han zer gertatzen zen. Horrela, idatzi nituen lehenengo liburuak berari eta bere aitari buruzkoak izan ziren. Gero, baten laguna egiten zara eta bestearena eta informazioa eskuratzen zoaz. Esate baterako, Totolo Urrutia puntista ondarrutarraren semea bildumagilea da, eta hainbeste liburu utzi zizkidan. Hemen izan ditugun puntista handiak ahazten ari gara. Gazteek ez dakite ze garrantzia eduki duten, eta liburu hauek horretarako egiten ditut; hor geratuko dira, historia hori batuta geratuko da.
Horrelako liburu bat egiteak lan handia eskatzen du.
Batetik eta bestetik informazioa batu eta pilotariekin egoten naiz informazioa jasotzeko. Hala ere, nik Markina-Xemeinen eskola ona eduki nuen. Urte askoan pilotari zaharrekin batzen egon nintzen. 30 urtean egongo nintzen beharbada eurekin, eta beti entzuten egon ondoren, mundua ezagutzen duzu. Ni ere zesta-puntan ibilitakoa naiz. Markina-Xemeingo askok bezala probatu nuen zesta-punta; ez dut uste garai bateko markina-xemeindarrik dagoenik zesta-punta probatu barik.
Orbearen liburuaren zenbat ale kaleratu dituzu?
Ikusita ez direla asko salduko eta akaso saldu ere ez direla egingo, 70 ale besterik ez ditut kaleratu. Erdoza Menor puntista ospetsuaren, garai guztietako onenaren 150 ale kaleratu nituen, eta erdiak saldu ziren. Beste denak niretzako geratzen dira. Markina-Xemeinen egoten dira salgai liburu dendan eta egunkarien postuan. Nik honek ez ditut idazten diruagatik, gustatu egiten zait, eta gure pilotariak ahazteak pena ematen dit. Markina-Xemeinen garrantzi handia eduki du zesta-puntak, eta hori ez dugu ahaztu behar. Mundu osoko pilotalekuak ere desagertzen ari dira.
“Txikito de Eibar pilotariak kale bat ere badauka Eibarren, baina eibartarrek ez dakite zein zen ere”
Zenbat biografia idatzi dituzu oraingoz?
Bederatzi: Martzelino aita eta semearenak, Mugerza I. eta II.arenak, Salsamendirena, Erdoza Menor, Gallastegi –esku pilotakoa– Txutxo Larrañagarena eta Fernando Orbearena. Datorren urtean beste bat aterako dut, Txikito de Eibarri buruzkoa. Azken honek kalea ere badauka Eibarren, baina eibartarrek ez dakite zein zen ere, eta inoiz izan den pilotaririk ospetsuena izan zen. Zesta-puntaren hasieretako puntista izan zen. Markinako frontoia berak inauguratu zuen, berak eta eibartar batek donostiar biren kontra jokatuta 1883 urtean. Kontatzen dudana ez da bakarrik Txikito de Eibarren historia edo Fernando Orbearena, haiekin edo haien kontra jokatu zuten puntisten biografia txikiak ere sartzen ditut. Horrela jakiten duzu haien historia eta garai hartako pilotaren historia guztia ere bai. Zeintzuk frontoi zeuden, frontoien argazkiak eta horien informazioa ere gaineratzen dut: noiz inauguratu ziren, zelakoak ziren, ze neurri zituzten. Horiek datu denak jartzen ditut. Horrela jakiten duzu garai hartan pilota zer izan zen. Txikito de Eibarren kasuan 1883 garaiko kontuak dira, esate baterako.
Nondik lortzen duzu aspaldiko informazio hori?
Liburutegietan gordeta dituzten aldizkari eta egunkari zaharretatik; Koldo Mitxelenan Donostian eta Bizkaiko Foru Aldundikoan. Txikito de Eibarrek esku pilotako partida bat jokatu zuen 1876 urtean Eibarren, 16 urtegaz. Zesta-punta oraindik ez zegoen. Orduan, Markinako abadea Labakoa esaten zuten zela pilotaririk onena, baina Txikito de Eibarrek irabazi egin zion. Hilabete eta gero, Bilbon jokatu zuen berriro partida, eta ostera ere Txikitok irabazi zion, eta txapeldun geratu zen. Palaz ere hasi zen, eta onena izan zen, eta gero, zesta-puntan hasi zen 1882-1883 urteetan eta hor ere ona izan zen. Txapelduna izan zen eskuz, palaz, zesta-puntaz eta guantez.
Fernando Orbea, egungo pilotaria izanik, hari buruzko informazioa lortzea beharbada errazago izan duzu.
Orbea gaztetako laguna da; kintoak gara, eta elkarregaz ere jokatu genuen gaztetan. Fenomenoa zen gaztetatik. Txapelketa bat elkarregaz jokatu genuen mutil nagusiagoen kontra. Ni lesionatu egin nintzen, kolpe bat hartu nuen lepazurrean, eta handik aurrera ez nuen gehiago jokatu. Bera gorantz joan zen, eta 17 urtegaz Habanan (Cuba) jokatzen zuen onenekin. Orbeak ere bidali dit berak jokatutako partidei buruzko informazioa, baina gutxi, ostera antzean bilatu ditut. Esate baterako, Habanako frontoi ezagunena izan zen El palacio de los gritos frontoiko koadernoak ditut. Jokatzen zituzten partiden emaitzak apuntatzen zituztenak. Frontoia itxi zutenean handik ekarri zituen Irungo Juantxu Iraundegi Nazioarteko federazioko idazkariak. 1992an Munduko Txapelketako partida batzuk jokatu ziren Habanan, eta bertara joan zen. Hango frontoiko batek, frontoia utzita zegoela ikusita eta desagertuko zirenaren beldur, koadernoak eskaini zizkion, eta ekarri egin zituen. Iraundegik Txino Bengoa Markina-Xemeingo puntista ohiari eman zizkion koadernoak, eta Txinok utzi egin dizkit. Hortik atera ditut Orbeak Habanan jokatutako partida denak. Miamiko kronikak ere baditut. Ingelesez daude, baina, kasualitatez, zesta-punta zale handia den Donostiako 40 urteko mutil baten laguna egin naiz, eta berak itzultzen dizkit, eta hortik ere lortu dut informazioa. Dena dela, ez naiz informazioa lortzen orain hasi. Gaztetatik Orbearen zer edo zer ikusten nuenean gorde egiten nuen. Gauza asko gordeta eduki ditut aurretik. Orbeak hemen jokatu zuen 1961 urteko udan, eta orduko kronikak ere badauzkat. Gauza asko denbora askogaz batzen joan naiz.
Argazkiekin ere osatzen dituzu liburuak.
Argazkiak ere leku askotatik bidali dizkidate. Ezagutzen nituen puntista askok koadroen argazkiak eman zizkidaten.
Fernando Orbea zelako pilotaria zen. Ze ezaugarri zituen?
Gazte-gaztetatik diferentzia handia ateratzen zien beste puntistei. Berezkoa zeukan. Ona zen edozertan, eskuz ere onena zen gaztetan. Futbolean ere elkarregaz aritzen ginen, eta ederto egiten zuen. Argazki bat badator liburuan futbol talde baten Orbea atezain.
“Zesta-puntako txapelketa bat jokatu nuen Orbeagaz, baina garaikurrik barik geratu ginen”
Zelan banatu duzu liburua?
Bere historia kontatzen dut berak jokatutako partiden bitartez. Bere aurkariei buruzko azalpenak ere ematen ditut partidaren kronika hasi aurretik: non jaioak diren, ze ezaugarri zituzten… Azkenean jartzen dut horiei buruzko biografia zabalagoa. Beste kapitulu bat dago kronikei buruzkoa; Orbeari buruz idatzitakoak. Orbearen hiru pasadizo ere kontatzen ditut, eta ni ere banaiz euretako bateko protagonista. Esan dudan modura, zesta-punta txapelketa bat jokatu genuen elkarregaz, eta irabazi egin genuen, baina garaikurrik barik geratu ginen. Antolatzaileak esan zigun kopak grabatzera eraman zituztela, baina ez ziren inoiz agertu.
Liburuez gain beste artikulu batzuk ere idatzi dituzu.
Nire idatziak pilotari eibartarrei buruzko kronikak izaten dira. 35 bat idatzi ditut, eta Eibar aldizkarian argitaratu dituzte. Batari eta besteari galdetuta lortzen dut informazioa. Gallastegi pilotaria ere horrela ezagutu nuen. Gallastegiren liburua bera hil baino sei hilabete aurretik atera nuen, eta haren alabak esan zidan azken hilabeteetan asko gozatu zuela nire liburuagaz. Egunero irakurtzen ziotela pare bat artikulu, eta gustura entzuten zituela. Poz handia izan da hori niretzat.
Diote Orbeari pilotak eman ziola, eta ordutik hasi zirela kaskoak erabiltzen. Egia da?
1966an jaso zuen pilotakada Durangon, eta hilabetean Gurutzetako ospitalean egon zen. Berreskuratu zen, baina pilotakada handia jaso zuen eta dena egiten ikasi behar izan zuen berriro. Abenduan hasi behar zuen denboraldia Miamin eta otsailean joan zen. Hasieran koadroaren argazkia atera zuten puntista denek kasko barik. Orbea joan zenean, ordea, berriro atera zuten argazkia, denek batera, kaskoak jantzita. Orbea joan zenean jarri zituzten kaskoak.