Ugaitz Mugertza Gipuzkoako Aizkora Txapelketan lehiatuko da
Mutrikuarraren helburua da lehen mailan mantentzea. Laugarren edo bosgarren postuan amaitzeko aukerekin ikusten du bere burua.
Domeka [azaroak 14] honetan herri kirol zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute Beasaingo Antzizar kiroldegian. 12:00etatik aurrera, Gipuzkoako Banakako 1. mailako Aizkora Txapelketa jokatuko dute. Sei aizkolarik parte hartuko dute txapelketan, eta Ugaitz Mugertza mutrikuarra da txapelaren bila lehiatuko den horietako bat. Honako bost aizkolariren aurka egin beharko ditu lanak: Julen Alberdi Txikia IV.a, Mikel Larrañaga, Jesus Mari Mujika, Iñaki Azurmendi eta Eneko Otaño.
Final nagusia txanda bakarrean jokatuko dute, eta aizkolariek hamar pago enbor moztu beharko dituzte: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko. Lehiarako aizkora zorroztuta eta gogotsu dago, eta domekara begira sasoiko dagoela gaineratu du. Maila gorenean mantentzea da bere helburu nagusia. “Nire helburua da lanak lehenengo bosten artean amaitzea. Izan ere, azken geratzen dena bigarren mailara jaitsiko da”.
Lan on bat egitea eta bere buruarekin gustura geratzea da asmoa
Lehia irabazteko faborito nagusiak Larrañaga, Otaño eta Txikia IV.a izango direla zehaztu du, eta beraz, txapelketa irabazteko aukerarik ez duela ikusten esan du. “Lan on bat egin eta mailari eusteko asmoarekin joango naiz Beasainera. Irabaztea oso zaila izango da. Euskadiko Txapelketan gorengoko mailan ari direnen aurka neurtu beharko ditut indarrak eta; Larrañaga, Otaño eta Txikia gogor dabiltza, eta nik uste, txapela ere horietako batentzako izango dela”.
Lan on bat egitea eta bere buruarekin gustura geratzea da asmoa. “Laugarren edo bosgarren amaitzeko aukerekin ikusten dut nire burua. Azurmendi eta Mujika eta hiruron artean egongo da maila gorenean mantentzeko borroka. Duela bi astean aurretik geratu nintzen Zestoan eta ezer arrarorik gertatu ezean, oraingoan ere aurretik geratzea espero dut; Azurmendiri 40 segundoko aldea atera nion eta Mujikari minutu eta erdi inguru”.