Zesta-puntako Munduko Kopan ariko diren puntisten hitzak
Aritz Erkiaga ispastertarrak, Aimar Aldazabal berriatuarrak, Alex Goitia eta Danel Mandiola markina-xemeindarrak eta Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidor mutrikuarrek Munduko Kopa jokatuko dute datorren astean, Mexikon.

(1) Aritz Erkiaga (aurrelaria): “Goikok eta nik edozein atzelarigaz bikote gogorra osatzen dugu”
- Aurtengo denboraldia aztertuta, espero zenuen Munduko Kopara joatea? Uda aurretik buru-belarri hasi ginen, eta gogo handiagaz hartu dut. Udan lortutako emaitzekin aukeratua izatearen konfiantza eduki dut.
- Zein da helburu nagusia? Dominengatik borrokan egoteko aukerarik duzula uste duzu? Goikok eta nik edozein atzelarigaz bikote gogorra egiten dugu. Gure esperantza da gu gure multzoetan lehenengo sailkatzea, finalaurrekoetan alkarren kontra ez jokatzeko. Ezustekorik ez badago, espero dugu bi bikoteak finalean ikustea.
- Nork irabaziko duela uste duzu? Nortzuk dira faboritoak? Ez dakit, baina, adibidez, frantziarren artean, Olharan eta Basque, iparraldeko sailkapenean biak sailkatu ziren lehenengo. Hori izango da bikote gogorrena kontra egiteko. Baina gure buruarengan konfiantza daukagu
(2) Aimar Aldazabal (atzelaria): “Pentsatzen dut aukera nahikoa edukiko ditugula medailak lortzeko”
- Espero zenuen Munduko Kopara joatea? Udan jokoz ondo ibili naiz, gustura, eta pentsatzen nuen aukera edukiko nuela. Urte guztian egindako lanaren helburu bat zen hara joatea lortzea. Zortez, tokatu zait, eta pozik nago.
- Zein da helburu nagusia? Helburua dominak irabaztea izango da. Talde gogorrak ditugu kontra, frantziarrak batez ere. Baina pentsatzen dut selekzio ona doala, eta aukera nahikoa edukiko ditugula medailak lortzeko.
- Nork irabaziko duela uste duzu? Nortzuk dira faboritoak? Ez dakit elkarrekin jokatuko duten, baina Erkiaga eta Lopez. Izenez behintzat, espainiar selekzioko Erkiaga, Goikoetxea eta Lopez pilotari handiak dira, eta faborito moduan Espainia ipiniko nuke.
(3) Alex Goitia (aurrelaria): “Frantziarrak oso gogorrak dira, eta gure artean ere lehia egongo dela uste dut”
- Espero zenuen Munduko Kopara joatea? Bi hilabetez, Miamira joan nintzen jokatzera. Denboraldi ona egin dut aurten, eta azken txapelketetan ere ondo jokatzen ari naiz. Espero nuen Mexikora joatea, baina sekula ere ez dago argi. Hiru aurrelari aritu gara lehian, baina joango nintzela pentsatzen nuen, %80an.
- Zein da helburu nagusia? Helburua beti da irabaztea, baina osasunez amaitzea espero dugu, lesiorik barik. Finalera heltzeko esperantza daukagu.
- Nork irabaziko duela uste duzu? Nortzuk dira faboritoak? Mundialean jokatuko dugun guztiok maila ederra izaten dugu, ez dago faborito argirik. Frantziarrak oso gogorrak dira, eta bertoko pilotarien artean ere lehia egotea espero dut.
(4) Danel Mandiola (atzelaria): “Helburu nagusia irabaztea da beti, baina ez da erraza izango”
- Espero zenuen Munduko Kopara joatea? Denboraldiko txapelketetan lan ona egin dut, eta ez gara asko atzean jokatzen dugunak. Espero nuen aukeratua izatea, baina azken unera arte ez nekien aukeratuko ninduten ala ez. Oso pozik nago joateko aukera izateaz.
- Zein da helburu nagusia? Helburu nagusia irabaztea da beti, baina ez da erraza izango. Lehenengo egunetik dena ematera aterako gara. Lan on bat egitea espero dut.
- Nork irabaziko duela uste duzu? Nortzuk dira faboritoak? Frantziarrak oso ondo prestatuta daude, baina Mendizabalek eta Manzisidorrek ere oso bikote ona osatzen dute. Mendizabal lesio batetik dator eta ikusiko dugu zelan datorren. Bikote gogorrena eurak izango dira.
(5) Ekaitz Mendizabal (aurrelaria): “Oso ondo sentitzen naiz; konfiantzaz noa. Txapelketa gogorra izango da”
- Espero zenuen Munduko Kopara joatea? Beti eduki dugu helburu hau. Lesionatu nintzenean, oso zaila ikusten nuen mundialera ailegatzea, baina oso ondo sentitzen naiz. Konfiantzaz noa.
- Zein da helburu nagusia? Helburua mundiala irabaztea da. Zaila izango da, baina guk ahal dugun dena egingo dugu irabazteko. Txapelketa gogorra izango da, baina dena emango dugu irabazi ahal izateko.
- Nork irabaziko duela uste duzu? Nortzuk dira faboritoak? Aukerak badaude, baina bikote gogorrak goaz; Espainian zein Frantzian A eta B bikoteak gogorrak izango dira. Faboritoak Espainia eta Frantzia dira. denok ditugu gure aukerak, eta aukera hobetoen baliatzen duenak irabaziko du.
(6) Mikel Manzisidor (atzelaria): “Azken urteetako lanaren emaitza bezala sari polita jaso dugu”
- Espero zenuen Munduko Kopara joatea? Aukera hau izateko lanean egon gara urte osoan, eta baita aurreko urteetan ere. Lan horren emaitza bezala sari polita jaso dugu. Aurtengo helburu nagusia eta azkenengo urteetan gure aurrean eduki duguna da.
- Zein da helburu nagusia? Helburua beti da irabaztea, urrearen bila joatea. Lortzen ez badugu, behintzat lan on bat eginda pozik bueltatzea espero dut. Gure onena ematera irtengo gara.
- Nork irabaziko duela uste duzu? Nortzuk dira faboritoak? Aurkari nagusia espainiar selekzioko beste bikotea da, eta aparte, Frantziak ere maila oso oneko bi bikote aterako ditu. Lan oso ona egin beharko da denei irabazteko.