Elazar Akarregik eta Karmel Zubiaurrek irabazi dute III. Artzabal Bodyboard eta Surf Txapelketa
Txapelketan parte hartu duten surflariek eta bodyboarderrek erakustaldi ederra eskaini dute. Giro onik ez da falta izan, eta Karraspiora bertaratu direnek ikuskizun ederragaz gozatzeko aukera eduki dute.
Lekeitioko Artzabal Surf Elkarteak antolatuta, III. Artzabal Bodyboard eta Surf Txapelketa lehiatu da gaur [azaroak 13] goizean Mendexako Karraspio hondartzan. Antolatzaileek emandako datuen arabera, bederatzi lagunek parte hartu dute surf txapelketan eta hemeretzik bodyboard txapelketan. “Debako Zurrunbilo Surf Elkartetik etorri den bat izan ezik, beste guztiak bertokoak izan gara”. Oholaren gainean trebezia handiena erakutsi dutenak Elazar Akarregi ispastertarra eta Karmel Zubiaur lekeitiarra izan dira; Akarregik lortu du puntuazio onena surf txapelketan eta Zubiaur, berriz, bodyboard txapelketan gailendu da.

Karmel Zubiaur (ezkerrean) eta Elazar Akarregi (eskuman), III. Artzabal Bodyboard eta Surf Txapelketako irabazleak. Argazkia: Artzabal Surf Elkartea.
Surf txapelketa lehiatu dute lehenengo; 09:30ean hasi dira lehen txandak lehiatzen. 20 minutuko bi txanda jokatu dituzte, eta hor puntuazio onena eduki dutenak 25 minutuko iraupena eduki duen finalerako sailkatu dira. Aurreko txandetan euren aurkako lehiakideak mendean hartu ostean, honako laurak izan dira finalistak: Jon Garatea, Nestor Arrasate, Ander Maneros eta Elazar Akarregi. Finala nahikoa parekatua hasi da, baina Akarregik azken unean hartu dituen bi olatuei esker erabakita geratu da finala. “Azken momentuan bira polit batzuk egitea lortu du, eta hortxe lortu dituen puntuei esker irabazi du txapelketa”.
Egindako lanak kontuan hartu ondoren, honela geratu da sailkapena:
- Elazar Akarregi: 11 puntu.
- Nestor Arrasate: 4,5 puntu.
- Jon Garatea: 4,5 puntu.
- Ander Maneros: 2 puntu.
12:00ak inguruan hasi dira bodyboard txapelketagaz. 20 minutuko lau txanda jokatu dituzte lehenengo, eta punturik gehien lortu dituzten parte hartzaileek finalaurrekora igarotzeko aukera eduki dute. Bi finalerdiak erabaki ostean, honako laurak aritu dira titulua lortzeko ahaleginetan: Karmel Zubiaur, Beñat Cuevas eta Unai eta Andoni Jaio anaiak. Finalestek azaldu dutenez, aurreko txandetan baino olatu txikiagoak egon dira. “Aurreko orduetan metro erdi eta bi metro arteko olatuak egon dira, noizean behin, handiagoak ere egon dira tartekatuta. Baina finalean, marea beherantz zetorrelako edo, haizea aldatu egin da eta olatuek indarra galdu dute”.
Finala hasi eta gutxira Karmel Zubiaurrek olatu ikusgarri bat hartu du, eta horri esker, txapelketa erabakita geratu da. “Sekulako ikuskizuna eman du. Nagusitasun osoagaz irabazi du txapelketa gainera. Hasieratik olatuak hartu eta hartu ibili da eta aurrean ipini da hasieratik; bizpahiru olatu eder hartu ditu, eta txapelketa hor erabakita geratu da”. 25 minututan egindako lanak kontuan hartu ondoren, honela geratu da sailkapena:
- Karmel Zubiaur: 13,5 puntu
- Andoni Jaio: 9 puntu.
- Unai Jaio: 8, 5 puntu.
- Beñat Cuevas: 5,5 puntu.
Antolatzaileek txapelketari buruzko balorazio oso ona egin dute. “Pozik geratu gara. Giro ederra egon da eta olatu politak egon dira. Marea ere ondo egokitu zaigu, eta gustura geratu gara. Txapelketa herrikoi bat izateko parte hartze polita eta maila altua egon da. Tartean tartean euria ere egin du, baina hala ere nahikoa ikusle batu da hondartzan zein pasealekuan”. Errepikatzeko gogoagaz geratu dira. “Olatu onak iragarrita dauden beste batean antolatuko dugu hurrengoa”.