Pentsio erreforma indargabetzeko eskatu dute Lekeition ere
Madrilgo agintarien jarrera kritikatu dute, eta agintariek beste helburu batzuk dituztela esan dute.
Lekeitoko pentsiodunek gaur eguerdian egindako manifestazio isila. Hego Euskal Herriko pentsiodunen elkarteek kaleak hartu dituzte gaur [azaroak 13] pentsio legearen erreformaren aurkako mezuak ozen aldarrikatzeko. Mobilizazio jendetsuak egin dituzte han-hemenka. Bilbon, Donostian, Eibarren, Gasteizen eta Iruñean ez ezik, Lekeition ere entzun dira mezuok; pentsioen erreformaren lege proiektua bertan behera lagatzeko eskatu dute udaletxeko eskaileretan egin duten ordu laurdeneko elkarretaratzean eta portu inguruko kaleetan zehar egin duten manifestazio isilean.
Pentsiodunek azaldu dute Espainiaren Gobernuaren lege proiektuak “2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen murrizketei eustea” duela helburu. “Rajoyren gobernuak abiarazi zuen pentsioen erreforma eta gero 2011n eta 2013n Zapaterok ipini zuen abian lan erreforma. Ordutik, pentsiodunok eta, oro har, herritarrok kaltetuak izan gara zentzu guztietan. Gure bizi kalitatea galdu dugu goitik behera eta lan baldintzak ere okertu egin dira. Ez hori bakarrik, lan prekarietatea bultzatu dute, eta horrek ekarri duena da miseria eta langabezia“.
Pentsioen erreforma “berehala” bertan behera laga behar dela ohartarazi dute. “Pentsiodunok behin eta berriz eskatu diegu Madrilgo, Gasteizko eta Nafarroako gobernuei gure eskubideekin ez jolasten ibiltzeko. Guk nahi duguna da lan baldintzak eta bizi baldintza duinak edukitzea. Horretarako beharrezkoa da bai lan erreforma eta baita ere pentsio erreforma bertan behera lagatzea”.
Madrilgo gobernuan daudenen jarrera ere kritikatu dute, eta agintariek beste helburu batzuk dituztela esan dute. “Gobernua plantak egiten ari da. Erreforma biak bertan behera lagako dituztela esan dute, baina hori gezurra da; hori esaten dute jendea lasaitzeko. Izan ere, dirulaguntzak nahi baldin badituzte eduki pentsio sistema hori murrizteko eskatu diete Europatik”.
Pentsiodunek bat egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta gehiengo sindikalak abenduaren 1erako deitutako mobilizaziagaz
Proiektuan agertzen den pentsioen balioa handitzeko indizeak eros ahalmena galtzea ere ekarriko lukeeela uste dute pentsiodunek. Horregatik lege proiektua kentzeko eta pentsioak blindatzeko deia egin die. “Monarkia, armada, eliza eta polizia diru publikoagaz blindatu ordez, pentsioak blinda ditzatela eskatu dugu behin baino gehiagotan. Guk bizitza oso bat egin dugu kotizaten jubilazio duin bat edukitzeko, eta ezin duguna onartu da gizarte segurantzaren itsulapikotik lapurtzea. Horrelako zabor guztia mantentzeko lapurtzen digute”.
Horregatik guztiagatik, argi adierazi dute ez badiete aldarrikapen guztiei erantzuten, mobilizatzen jarraituko dutela datozen hilabeteetan. Esan dutenez, ez dira geldituko, eta, oraingoz, beste hitzordu bat ipinita daukate: abenduaren 1ean, berriz ere kalera aterako dira, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta gehiengo sindikalak deitutako mobilizazioa babesteko.”Momentu honetan oraina eta etorkizuna dago jokoan. Gasteizko eta Nafarroako gobernuei behin betiko apustua egiteko eskatzen diegu. Pentsio sistema propio eta publikoa lortu arte pentsiodunok kalera ateratzen jarraituko dugu”.
