Markina-Xemeingo Oier Azumendi, bigarren Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketan
Aitziber Olaizola bolari elgoibartarrak irabazi du txapelketa. Lehendakari Txapelketa jokatuko dute zapatuan [azaroak 20] Iruzubietan.
Guztira, lau jardunaldi izan ditu 31. Euskal Herriko Bola Joko Txapelketak. Azkena Azpeitiko Garmendipeko bolatokian jokatu zuten zapatuan [azaroak 13], eta 73 bolari neurtu ziren bertan. Han erabaki zen aurtengo txapelketa; 21 txirlo botata San Migel taldeko Aitziber Olaizola elgoibartarra izan da irabazlea.
Olaizolak botatako txirlo kopuru berdinagaz Markina-Xemeingo Hiru Txirlo Taldeko (MX3T) taldeko Oier Azurmendi markina-xemeindarra izan da bigarrena txapelketan eta Asola Berri taldeko Bittor Rodriguez eibartarra geratu da hirugarren 20 txirlo botata. MX3T taldeko Joseba Espilla eta Luis Guenaga geratu dira laugarren eta bosgarren.
[Hemen EHko 31. Hiru Txirlo bola joko txapelketako SAILKAPEN OSOA]
Euskal Herriko txapela jokoan egonda, lehia izan zen nagusi zapatuko azken jaurtialdian. Horrela, 9 txirlora berdinduta geratu ziren lehen bost sailkatuak eta 8 txirlo bota zituen seigarrenak. Asola Berri taldeko Sergio Rodriguezek irabazi zuen Garmendipeko bolatokiko norgehiagoka, talde bereko Garikoitz Rodriguez bigarren geratu zen eta MX3T taldeko Luis Guenaga hirugarren.
Euskal Herriko Txapelketan lehen eta bigarren postua lortu duten Olaizolak eta Azumendik bosgarren eta seigarren egin zuten Garmendipen, txapelketako lehenengo eta bigarren postuak eskuratzeko beharrezkoak zituzten txirloak lortuz; 9 txirlo Olaizolak eta 8 txirlo Azumendik. Gipuzkoako bolari onena izan da Olaizola eta Bizkaiko bolari onena, Azumendi.
Lehendakari saria. Euskal Herriko Txapelketa amaituta, Lehendakari Txapelketagaz daukate orain hitzordua bolariek. Lehendakari Txapelketa zapatuan [azaroak 20] jokatuko da Ziortza-Bolibarko Iruzubietan dagoen bolatokian. Euskal Herriko Txapelketako lehenengo 64 sailkatuek parte hartuko dute, eta kanporaketa formatuan jokatuko da, lehenengoa azkenaren kontra, bigarrena azken aurrekoaren kontra eta horrela garaile bakarra geratu arte.
Hiru sari egongo dira: 300 euro eta txapela irabazlearentzat, 200 euro eramango ditu bigarrenak eta 100 euroko saria lortuko du hirugarren geratzen den bolariak.
Batzar orokorra. Beste alde batetik, 2021eko bazkideen batzar orokorra deitu du MX3T Taldeak. Abenduaren 11n egingo dute batzarra Markina-Xemeingo kultur aretoan, 17:00etan. “Gogoratzen dizuegu bertan egingo dela bazkideen izen emate ofiziala, beraz denok etortzera gonbidatzen zaituztegu”.