Mikel Agirrek eta Uxue Ansorregik Bizkaiko trontza mistoko txapelketa irabazi dute
Euren marketatik "urrun" ibili badira ere, ondarrutarra eta mendarotarra hirugarren urtez jarraian nagusitu dira Bizkaiko Txapelketan.
Mikel Agirre ondarrutarrak eta Uxue Ansorregi mendarotarrak hirugarren urtez jarraian irabazi dute Bizkaiko Trontza Misto Txapelketa. Gamiz-Fikan lehiatu zuten domekan [azaroak 14], eta euren aurreko marketatik “oso aparte” aritu baziren ere, gainontzeko lau bikoteei nagusitzea lortu zuten. Izan ere, irailaren hasieran Agirrek kokzixa apurtu zuen, eta honakoa izan da lesiotik bueltan lehiatu duen lehenengo txapelketa.”Orain hasi naiz martxan, eta pixka bat beldurtuta joan ginen. Hala ere, ondo joan zen. Aurretik gindoazenez, nahikoa lasai aritu ginen. Gero eusten ahalegindu ginen”.
45 zm-ko hamar ebaki egin behar izan zituzten. 4 minutu eta 46 segundoko markagaz lortu zuten txapela, eta bederatzi segundora geratu ziren Iraide Gezuraga eta Salva Erleaga txapeldunordeak. Min apur bat sentitu zuen ondarrutarrak, eta esan duenez, ez zen “oso eroso” ibili. “Halako txapelketa batean 3 minutu eta 15 segundoko marka lortuta daukagu”.
Euskadiko trontza mistoko txapelketa domekan [azaroak 21] jokatuko dute Lezaunen (Nafarroa), baina Bizkaiko Txapeldunek ezingo dute parte hartu. Izan ere, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala lehiatuko du Ansorregik.
Agirrek, bestalde, Urrezko Aizkora Txapelketa hasiko du asteburuan. Larraulen (Gipuzkoa) jokatuko du kanporaketa zapatuan [azaroak 20], 16:30ean hasita. “Fisikoki ez nago oso ondo, baina hasiera bat eman behar da, eta martxan hasiko naiz. Helburua gozatzea izango da. Bi hilabete geldirik egon behar izan naiz; ez dut aizkorarik heldu. Halako lesio gogor baten ostean, lesioa ahaztea, eta beste behin ere plazetara irtetzen hastea da helburua. Burua bere lekura ekartzea, alegia. Halako lesio batek mentalki min handia egiten dizu”.