2022an azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldia
Hirugarren ariketarako prestaketa lanetan hasiko dira herrietako batzordeak eta era guztietako entitateak. Euskaldunen, erakundeen eta eragileen aktibazioa indartu nahi dute, eta ariguneen dinamikari bultzada eman.
Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ekimena egiteko urtebete geratzen bada ere, 2022ko ariketa sozialaren ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte gaur [azaroak 20], Iruñean. Esan dute Euskaraldia “gizartean txertatuta” dagoela baina hizkuntza ohiturak aldatzeko oraindik ere “lan sakona” egin behar dela. Hitzez ekiteko garaia lelopean, 2022. urtea hitzaren eta ekintzaren urtea izango dela esan dute, “euskarak eta euskaldunok berriro kalea hartzeko garaia”.
Ariketa “indartsua eta masiboa” izatea aurreikusten du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. “Ziurrenik Europan hizkuntza praktiken inguruan egiten den ariketa sozial masibo handienari buruz ari gara”, eta horren pare jarri du ere bai Korrika. Amonarrizen iritziz, gakoa da euskaldunak, erakundeak eta eragileak aktibatzea. “Argazki horretan ageri den elkarlana, indar metaketa eta aukera hori oso-oso gutxitan izan dugu herri honetan eta hori aprobetxatzen jakin behar dugu, ditugun erronkak sekulakoak baitira». Arriskuak handiak izan arren, itxaropen mezua eman du Amorrarrizek eta aipatu du 2022an “gauza asko” gertatuko direla. “Denak gertatuko balira, inflexio puntu bat izan liteke”.
Belarriprest eta ahobizi profilak egongo dira hirugarren Euskaraldian ere, baita Ariguneak ere. Eta iazko ariketan pandemiak eragin zuenez, oraingoan Ariguneei jarraipena ematea da helburua. Aurreratu dute hirugarren Euskaraldian herri batzordeek izango dutela protagonismo berezia. Hainbat herritan hasi dira jada antolaketa lanetan, baina gaurtik aurrera tokian tokiko batzordeak aktibatzeari eta berrantolatzeari ekingo diote.