Epaitegiak ez dio COVID ziurtagiria eskatzeko baimenik eman Jaurlaritzari
Epaileek ez dute ontzat hartu Jaurlaritzak jatetxeetan eta aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dizkieten lekuetan COVID ziurtagiria eskatu ahal izateko egindako eskaera.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez dio baimenik eman Eusko Jaurlaritzari zenbait tokitan ziurtagiria aurkezteko beharra ezartzeko. Pasa den astean aurkeztu zuen eskaera Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak, eta epaileek gaur eman diote ezezkoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 150 kasukoa baino handiagoa den herrietan ezarri nahi zuten neurria.
[DATUAK: Lea-Artibai eta Mutrikuko EGOERA EPIDEMIOLOGIKOA]
Ez da lehen aldia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzak koronabirusaren aurka hartu nahi duen neurri bat atzera botatzen duela. Otsailean kolpe handia eman zion Jaurlaritzari ebatzi zuenean, eremu gorrian egon ala ez, gobernuak ezin zituela itxi ostalaritzako lokalak. Erreakzioak berehala heldu dira. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esan du «ulertezina» dela erabakia, eta azpimarratu du «Europa erdian» ezarrita dagoela ziurtagiria.
Jaurlaritzaren eskariak aurrera egin bazuen, establezimenduen jabeen ardura izango zen bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea. Aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dizkieten lekuetan eskatu beharko zuten, hala nola diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere nahi zuten ziurtagiria eskatzea, 22:00etatik aurrera.