Hondakin gutxiago sortzeko eta sortzen denaz hausnartzeko kanpaina abiarazi dute Debabarrenean
Zehaztu dute iaz 31.193 tona hondakin sortu zirela eskualdean, biztanle bakoitzeko ia tona erdi. Esan dute hondakin kopuru horrekin herrietako plazak bi aldiz zaborrez bete ahalko liratekeela.
Azaroaren 28ra bitartean Hondakinen Prebentziorako Europako Astea ospatzen ari dira Debabarrenean. Eta horren baitan, kanpaina bat abiarazi dute sortzen den hondakin kopuruaren inguruan hausnarketa egiteko eta, bide batez, “hondakin gutxiago sortzeko bideak zabaltzeko”.
Iosu Arraiz Debabarrenako Mankomunitateko presidenteak dio “kezkagarria” dela sortzen den hondakin kopurua. “Gero eta gehiago birziklatzen badugu ere, sortzen dugun hondakin kopurua ere nabarmen ari da gehitzen”. Zehaztu du iaz 31.193 tona hondakin sortu zirela eskualdean, biztanle bakoitzeko ia tona erdi. Esan dute hondakin kopuru horrekin herrietako plazak bi aldiz zaborrez bete ahalko liratekeela. Eta hori irudikatzeko, herrietako plazak zaborrez beteta ikusten diren argazkiak zabaldu dituzte, eta baita bideo bat ere. “Herritarrak kontzientziatzea eta hausnarketa eragitea da asmoa”.
Gaineratu du tokian tokiko udalek erregulatu behar dituztela sortutako hondakin kopurua murrizteko neurriak. “Baina norbanako bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da. Gutako bakoitzak keini txikiak egin ditzazke egunerokotasunean bere ingurumen aztarna murrizteko eta hondakin gutxiago sortzeko”.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak esan du Mutrikun herritarrak “kezkatuta” daudela hondakinen bilketarekin
Kanpainaren xehetasunak azaltzeko etxebizitza guztietara eskuorriak banatu dituzte. Horretan, besteak beste, sortutako hondakin kopurua gutxitzeko zazpi ekintza jaso dituzte. Horrez gain, ingurumen hezitzaileak aste osoan eskualdeko herrietako edukiontzi puntu ezberdinetan egongo direla esan dute. “Horiek herritarrei informazioa emango diete”.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak esan du Mutrikun herritarrak “kezkatuta” daudela hondakinen bilketarekin. “Bilketarekin kezkatzeaz gain, hondakinen sorreran ere arreta jarri behar dugu, eta baita ere hondakinak botatzeko orduan ditugun ohituretan. Guztiok gauzak ondo egiteak guztiontzako onura ekarriko du”.