Zesta-puntako Munduko Kopa, Markina-Xemeinera
24 urtez azpikoetan, Alex Goitiandia eta Danel Mandiola markina-xemeindarrak nagusitu dira. Tomas Goiogana legendaren bilobek txapelketa bikaina burutu dute. Bi setak nagusitasun osoz irabazi dizkiete Etcheberry eta Laborde Frantziako selekzioko bikoteari.
Zale mexikarrek gozatzeko moduko partiduak ikusi dituzte aurreko astean Zinacantepeceko frontoian. 24 urtez azpikoen zein profesionalen Munduko Koparen finalak ikusgarriak izan dira, eta harmailak ia-ia beteta egon dira. Espainiako eta Frantziako selekzioekin aritu dira Euskal Herriko pilotariak, eta bi finalak espainiar taldekoek bereganatu dituzte. 24 urtez azpikoetan, Alex Goitiandia eta Danel Mandiola markina-xemeindarrek bi setak nagusitasun osoz irabazi dizkiete Etcheberryri eta Laborderi.
Tomas Goiogana legendaren bilobak diren Goitia eta Mandiola lehengusuek txapelketa bikaina burutu dute. Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Mikel Manzisidor mutrikuarrei irabazi zieten finalaurrekoa, eta finalean aurkariak aukerarik barik utzi zituzten. 15-12 eta 15-8 garaitu zuten Frantziako selekzioaren bikotea. Goitiandiak bere jaioterria izan zuen gogoan finalaren osean. “Urte gogorra eta zaila” izan dela adierazi zuen, eta Aulestiko eta Markina-Xemeingo familiari, eta bere laguna den Carlos Henrique boxeolariari eskaini zien garaipena.
Profesionaletan, berriz, Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez garaitu zituzten finalean Unai Lekerikabeaskoak eta IƱaki Osa Goikoetxeak. Gernikarrak eta zumaiarrak merezimendu osoz eskuratu zuten kopa; bi setak irabazi zituzten (10-15 eta 12-15), biak ere markagailuari buelta emanda.
Bi bikoteek lehia estua eduki zuten, euren talentuaren adierazgarri. Lekerika atzelari gernikarra seguru aritu da Mexikon. Finaleko lau puntisten artean bera zen hango zaleentzat ezezagunena, eta bere mailagaz horiek ere txunditu ditu. Maisu handia zeukan aurrean, eta biek ala biek ez zuten hutsik egin. Goikoetxea izan zen finaleko protagonista. Udan ez du garaipen esanguratsurik eskuratu, baina bere joko ona berretsi du Munduko Kopan. Pilota biziagaz min handia egin zuen; dozena erditik gora sake errebotean sartu zituen. Lehenengo jokoan, Leke eta Goiko 10 eta 8 galtzen joan baziren ere, pilota biziagaz sei tanto jarraian egin, eta 10 eta 14 aurreratu ziren. Lekerikaren eskuinkadak erabaki zuen seta.
Bigarren jokoan, aldiz, 6-3 eta 7-4 aurreratu ziren Ispasterko aurrelaria eta Zumaiako atzelaria. Hala ere, zazpina, zortzina eta hamarna berdintzea lortu zuten atzelari gernikarrak eta aurrelari zumaiarrrak, eta hamarnako berdinketaren ostean lau tanto jarraian egin zituzten. Lekerikak min handia egin zuen bere eskuinkada indartsuagaz. 10 eta 14ko markagailuaren ostean, bi tanto egin zituzten Erkiagak eta Lopezek, baina Goikoetxearen txapa gainekoagaz amaitu zuten finala. Lopezek txapan jo zuela esan zuen, baina epaileek tantoa ontzat eman zuten.
2022an Biarritzen jokatuko dute Munduko Txapelketa, eta errebantxa hartzeko aukera edukiko dute. Erkiaga da egungo munduko txapelduna; Hernandezegaz nagusitu zen 2017ko Munduko Txapelketan.