Afari-merienda gabeko Sanandresak ospatuko dituzte Etxebarrian
Ume eta nagusiei begirako beste jarduera batzuk antolatuko dituzte, abentura jolasak eta antzerkia besteak beste.
Ohiko jairik egiterik ez badago ere, aurten, berriro ere, sanandresak ospatuko dituzte Etxebarrian. Ohitura da San Andres Egunez afari-merienda herrikoia egitea, baina une honetan dagoen pandemia egoera kontuan hartuta, ez da afari-meriendarik egingo. Ordea, beste jarduera batzuk antolatuko dituzte, mahai-jokoak edo umeentzako jarduerak besteak beste.
Umeek, beraz, San Andres Egunagaz gozatzeko aukera edukiko dute. Herriko frontoia izango da bilgunea. Eurentzat antolatuta, martitzenean [azaroak 30] 11:00etatik 13:00etara, abentura jolasak edukiko dituzte, Leaktibairen eskutik. 18:00etan, berriz, San Andres jaietako kartelen lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta lanen erakusketa ere jarriko dute frontoian.
Briskak ere beteko ditu frontoiko kantxan jartzen dituzten mahaiak. 15:30ean hasiko da izen-ematea, eta 16:00etan ekingo diote jokoari. Antzerkia ere egongo da San Andres Egunari amaiera emateko. 18:30ean hasiko da antzezpena.
Horrez gain, domekan [azaroak 28] Etxebarriko dantza taldearen emanaldia egongo da 12:00etan Plazabarrin. Euria eginez gero, dantzaldia frontoian egingo dela ohartarazi dute.