Floridako Dania Jai Alai frontoia itxiko dute domekan
Frontoiaren itxieragaz, aro historiko bezain errepikaezina amaituko da euskal puntistentzat.
Zesta-puntaren etxe handi bati agur esateko ordua heldu zaie Euskal Herriko puntistei. Euren “bihotzeko plaza”, Floridako Dania Jai Alai itxiko dute domekan. 68 urteren ostean, ikuskizuna amaituko da; kinielen eta apustuen etxe ezaguna isilduko da.
Esperotako itxiera da. Duela 30 urte baino gehiagotik negozioa ez da errentagarria, apustuek ematen dutena ez nahikoa gastuei aurre egiteko. Hilabetean 860.000 dolar apustu egiten dituzte; garai bateko zifretatik urrun daude horiek.
Urrezko aroa, pilotarien grebak, apustuen eta ikusleen beherakada… Garai oparoak eta ilunak ezagutu ditu Dania Jai Alaik. AEBtan, garairik onenetan, hamasei frontoi zeuden zabalik, eta 500 bat pilotari ari ziren jokatzen. Zenbat eta gehiago jokatu, apustu gehiago, eta negozio gehiago.
Baina, orain, aro historiko bezain errepikaezina amaituko da. Gurean asko eta asko dira Dania Jai Alairen historiaren parte, eta ehunka pilotari horien artean daude egungo Daniako koadroan–28 pilotari– dauden bertoko 9 puntistak: Ibon Aldazabal berriatuarra, Endika Madarieta Elgezabal ispastertarra, Gorka Aldazabal Ubilla, Eñaut Salegi eta Iñaki Goitiandia Goitia markina-xemeindarrak, eta Erik Mendizabal, Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Aratz Mendizabal mutrikuarrak.
Egungo koadroko jokalari batzuek Miamiko Magic City frontoian aritzeko aukera edukiko dute.
Aste berezia bizi dute denek. Pilotariak eta euren familiak talde moduan eta familia giroan ari dira bizitzen azken aste hau, eta jende asko ari da frontoira gerturatzen, besteak beste, bertan jokatutakoak. Agurreko afarian ere batu dira asteon, eta egungo Daniako protagonistekin batera egon dira, besteak beste, Mexikon Munduko Kopa jokatu dutenetako batzuk, besteren artean, 24 urtez azpikoen Munduko Kopa irabazi berri duten Alex Goitia eta Danel Mandiola markina-xemeindarrak eta Goixerri eta Manzi, euren leihakide mutrikuarrak.
Zestaren oraina zein etorkizuna Euskal Herrian daudela uste dute pilotariek, adituek zein zaleek. Hemengo denboraldia luzatzeko nahia daukate puntistek, eta horretarako, ezinbestean, bultzada, laguntza beharko dute. Pilotariak badaude, eta baita harrobia ere. Zestak bultzada behar du, denen bultzada, behetik gora, eta goitik behera.