Zendutako taldekideak omenduko ditu Mutriku Sokatira Taldeak
Sei kirolari omenduko dituzte domekan [azaroak 28] Mutrikuko kiroldegian egingo duten ekitaldian. Aitortza egingo dietenen hurbilekoei ekitaldira hurreratzeko gonbidapen berezia egin diete.
Azkenaldian zendutako taldekideak omentzeko ekitaldi “xume bezain sentitua” antolatu du Mutriku Sokatira Taldeak. Ekitaldia domekan [azaroak 28] egingo dute 10:45ean Mutrikuko kiroldegian. Aitortza egingo dieten taldekideen hurbilekoei ekitaldira hurreratzeko gonbidapen berezia egin diete. “Omenaldiaren helburua da zendutako taldekideak eta entrenatzaileak gogoratzea eta taldeagatik egindako guztia eskertzea. 50 urte bete dira taldea bera sortu zela. Beste hainbat hilko ziren tarte horretan, baina azken urteotan hil direnei eskerrak emateko zerbait antolatzeko gogoa genuen”.
Aurreratu dutenez sei kirolari omenduko dituzte: aurten hildako Pedro Alkorta Doistu, Angel Arrieta Errotabarri, Juan Luis Gandiaga Bisko eta Ekaitz Salcedo eta aurreko urteetan hildako Jose Badiola Arteta eta Sebastian Ituarte Isasi. “Omenduko ditugun sei taldekideetako lau aurten hil dira. Egia esan, nahikoa urte beltza izan da guretzat. Arteta eta Isasi, bestalde, duela 50 urte taldea sortu zutenen artean zeuden, eta horiek ere ekitaldi berean gogoratzea pentsatu dugu”.
Oroigarri eta lora sorta bana banatuko diete omenduen senideei
Marije Ituarte Isasi-k eta Javier Urrestik gidatuko dute ekitaldia. Argazkiekin osatutako bideo batekin lagunduta, omenduen kirol ibilbidearen errepasoa eginaz hasiko dute ekitaldia. “Jose, Sebastian, Ekaitz eta Juan Luis tiratzaileak izan ziren. Pedro, gainera, emakumezkoen eta gizonezkoen taldeko entrenatzailea izan zen. Angel, ostera, gizonezko taldearen entrenatzailea izan zen 2012tik 2016ra. Bakoitzak taldean eduki duen pisua eta taldekideontzako zer izan den ere azalduko dugu era motzean. Eurekin bizitako hainbat une eta pasarte ere gogoraraziko ditugu, ekitaldiari umore puntua ipintzeko asmoarekin”.
Ondoren, Beñat Urkiza taldekideak ohorezko aurreskua dantzatuko die senideei eta lagunei, eta jarraian, oroigarri eta lora sorta bana banatuko diete. Ekitaldia Xabi Astigarraga bertsolariaren bertsoekin amaituko dute.