Aulestiko Ondare Taldeko kideek Kaleko Ondare Ibilbidea egin dute
Hamazazpi QR kodeetan herriguneko eraikin eta espazio interesgarrienei buruzko informazioa bildu dute.

Liburuetan, artxiboetan zein ahozko transmisioaren bidez jasotako jakitura asko eta asko digitalizatu eta sarean aurkitu daiteke gaur egun. Aulestin, Kaleko Ondare Ibilbidea osatu dute eta QR kodeetan bildu dute ibilbidearen geldialdi bakoitzean dauden eraikinei buruzko informazioa.
Hain zuzen ere, 2014ko Ondare Jardunaldietan Etxeak izan zen gaia, eta orduan egindako ibilbidean oinarritu dira, osatu egin dute. Hamazazpi QR kodetan informazioa eta audio bidezko azalpenak sarera igo dituzte.
Herriguneko eraikinik eta espaziorik interesgarrienen garrantzia historikoa eta artistikoa azpimarratzeko eta herria hobeto ezagutzera emateko helburuagaz osatu dute proiektua.
1500etik gaur egunera arteko hainbat etxebizitzari buruzko datuak biltzeagaz batera, Aulesti uri izendatzeko ahalegina eta lortu ez izanaren arrazoiak kontatu dituzte QR kodean.
«Uri baten egitura fisikoa dauka, baina uri izatera ailegatu ez zen tokia da. Normalean, edo behintzat askotan, uri batek Alde Zaharrean hiru kale paralelo izaten ditu, Markinak edo Lekeitiok daukan moduan. Aulestik egitura hori badauka, baina Aulesti inoiz ez da izan uri bat, ez zuen kategoria hori hartu, eta ez zen garatu Lekeitio edo Markina egin moduan», azaldu du Jabier Aranguena Aulestiko Ondare Taldeko kideak.
XVI. mende hasierako jauntxoak izan ziren uri bihurtzearen sustatzaileak: «1500. urte inguruan, Aulestia familiak bere indarra edo egonkortzeko premia eduki zuen, eta Murelagatik Aulestira ekarri zuten parrokia. Aulestia familiagaz batera, Muxika-Butron familia zegoen, senitartekoak ziren eta baita Ciudad Realeko dukea ere. Horiek izan ziren parrokia aldatu, eta Aulestiri batasun administratibo-politikoa eman nahi ziotenak, lehenago batasun erlijiosoa bakarrik zeukan eta».
“XIX. mendeko etxeak eta eraikinak asko dira Aulestin, eta horiei buruzko informazioagaz batera, obra zibilari buruzko azalpenak biltzen ditu ibilbideak, batez ere”
Eliza handi bat egin zuten herritarrek eta «egun errepide nagusia pasatzen den kaleari forma bat ematen» hasi ziren. «Beharbada, nahikoa berandu zelako ez zuen aurrera egin uria kategoria lortzeak, sasoia pasatuta zegoelako gehienbat. Izan ere, 1500ean pasatu zen hori, eta Bizkaiko uri guztiak askoz arinagokoak dira. Lea bailaran, Lekeitio eta Gerrikaitz askoz arinagokoak dira».
XIX. mendeko eraikinak. Aranguenak azaldu modura, XIX. mendean zerbitzuetara bideratutako herri bat egin zuten: «XIX. mendeko etxeak eta eraikinak asko dira Aulestin, eta horiei buruzko informazioagaz batera, obra zibilari buruzko azalpenak biltzen ditu ibilbideak, batez ere. XIX. mendean eraiki zituzten egungo udaletxea, hiltokia, errepidea eta hainbat eta hainbat etxe. Garai hartan Aulestik biztanle pila bat zeuzkan. 1820. urte inguruan, agian, Lea-Artibai guztian Lekeitio izan zen bera baino biztanleria handiagokoa –Xemein eta Markina bereiztuta zeuden–».
Erdi Arokoa zen Aulestia familiak 1500. urtean Aulestia Dorrea egin zuen. XII. mendeko beste bat eduki zuten aurretik, baina XVI. mende hasieran egun dorretxea moduan ezagutzen dena eraiki zuten. «Etxe hori defentsa-dorrea zen. Eurek etxebizitza ez zuten bizi izateko toki bat legez ikusten, defentsarako toki bat legez baizik. Bigarren QRa sasoi bereko jauregi bat da, Argiñena izenekoa. Sasoi berean egindako etxe bi horiek mentalitate desberdinekin eraiki zituzten. Bata pentsaera defendatzaileagaz egindakoa da eta bestea, berriz, bizi izateko etxea da, jauregi bat, hotzik ez pasatzeko lehio txikiekin, gelak banatuta dauzkana etab. Mundu aldaketa horretan, Aulestiatarrak Erdi Aroan gelditzen dira, eta Argiñenan –Jauregi da etxearen izena– bizi direnak beste fase batean daude. Nahiz eta sasoi berekoak izan, bien artean dagoen saltoa deigarria da. Joandako sasoiak eta ondoren datozen sasoiak erakusten dituzte». Urteak pasatu ahala, etxeak euren itxura aldatzen joan zirela eta udalerriko Erdi Aroko etxe asko «kanpotik eta barrutik» XIX. mendekoak direla zehaztu du Aranguenak.
Hilerria, udaletxea, hiltokia, errepidearen diseinua, mandaskak eta oro har XIX. mendeko obra ia denak eta hainbat etxe Lekeitioko Belaunzaran familiako arkitektuek egin zituztela dio.
Hilerriaren tamaina: «Neoklasikoa da, ondo markatzen ditu neurriak, distantziak, simetriak eta guzti horiek. Baina, egin eta 30 urtera, 1885ean, kolera-epidemia bat agertu eta handitu egin behar izan zuten. Ia koadro perfektu bat izatetik alde batean lauzpabost metroko zabalkundea izatera pasatu zen, epidemia horren eraginez. Jendeak hori ez daki. Ez baduzu arretaz begiratzen, ez zara konturatzen; harria diferentea da, simetria falta hori nabaritzen da».
XIX. mendean egindakoa da, halaber, herriguneko bide nagusia. Hura egiteko interesa Lekeitioko merkatariek eduki zuten, euren produktuak Gaztelara edota Gasteiz aldera hobeto garraiatu ahal izateko. Mandoentzat eta zaldientzat pentsatuta egin zutenez –lau-sei mandoko gurdietan euren merkantzia eroan ahal izateko–, bidean hainbat mandaska ipini zituzten, animaliek ura edateko. Bost bat kilometrorik behin egin zituzten.
Aulestin badago Goiko iturria moduan ezagutzen den toki bat, betiko kaleko iturria izan dena: «Eta jendeak hortik edan du. Hori egin zuten mandaska modura, baina hanka sartu zuten; oso txikia egin zuten, animalia batek edateko modukoa zen, ez zen praktikoa». Horregatik, hurrengo urtean egin zuten Beheko iturria deiturikoa, Ubilla Aterpetxearen alboan dagoen iturria, alegia. Hori luzea da, animalia askok aldi berean edan ahal izateko modukoa: «1853koa da bata eta 1854koa bestea, eta batetik bestera 200 metro daude». Bi iturri horien jatorria bitxia bezain ezezaguna dela uste dute ondare taldekoek.
Bi udaletxe. Bestalde, gaur egungoa bigarren udaletxea da. Aurrekoa 1705ean egin zuten, «baina ez zuen 100 urte ere iraun; txarto egin zutenez, jausi egiten zen, eta itxi egin behar izan zuten. Eta horregatik bestea eraiki behar izan zuten». Aurrekoa ere plazan zegoen, orain komunak dauden lekuan.
1843an egin zuten gaur egungoa. «Tamaina oso handia» dauka. Izan ere, administrazio batek eskaini behar dituen zerbitzu guztiak eskaintzeko pentsatuta eraiki zuten: medikua, albaitaria, udaletxea, kartzela, alondegia, eskola… «Horiek denak eduki ditu, eta orain ere baditu asko eta asko. Mentalitate horregaz eraiki zutelako da udaletxea beste edozein etxe baino askoz handiagoa. Elizari dagokionez, uria izan nahi zutelako egin zuten hain handia».