Juan Carlos Quintana: "Gaurko bizitza sistema Neolitikoan hasi zen garatzen. Ordutik planeta hondatzen ari gara"
Santimamiñeko kobazuloan ikerketa lanak egin zituen Agiri arkeologia taldeak 2004tik 2014ra bitartean, eta Arkeologia Jardunaldiak antolatu berri ditu Gernikan. Taldeko kidea da Juan Carlos Quintana.
Zein datu berri ezagutu zenituzten Santimamiñen?
Jose Migel Barandiaran, Enrique Eguren eta Telesforo Aranzadi Santimamiñen egon zirenean, denbora sekuentzia bat ezarri zuten, kobazuloa okupatzen denetik berau uzten duten arte. 30.000 urteko denbora sekuentzia ezarri zuten. Euren arabera, duela 30.000 urte Sapiens Sapiensak izan ziren haitzulora sartu ziren lehenak eta erromatar garaikoak azkenak. Gure ikerketak hori ezeztatu zuen, lehenengo okupazioak duela 15.000 urtekoak direla zehaztuz. Duela 30.000 urte, Gautegiz Arteagan dagoen Antolinako Koban bizi ziren. Dakizkigun datuen arabera, duela 15.000 urte, hondakinen ondorioz, lurzorua igotzen joan zen horretan, eta Antolinako Kobatik Santimamilera lekualdatu ziren.
Zelan ohartu zineten akatsaz?
Arkeologoek garai hartan zuten giza eboluzioari buruzko ezagutza gaur egungoaren oso desberdina zen. Kobazuloaren oinarrian hezurrez egindako azkon moduko jaurtigailuak aurkitu zituzten, une hartan Aurinaziar garaikoak zirela uste zirenak; hau da, duela 30.000 urtekoak. Gaur egun datu gehiago dauzkagu eta jaurtigailu horiek duela 15.000 urte ere egiten zirela badakigu. Gure indusketan haiek ezarritako sekuentzian oinarritu ginen, eta dena ondo zihoan. Baina datazioak bidali bezain laster konturatu ginen okerrak zirela datuak, eta leizearen sekuentzia berria zehaztu genuen.
Beraz, lehenak duela 15.000 urtekoak dira?
Lehen giza okupazioa bai, baina haitzuloa askoz lehenago ere okupatuta egon zen, ez gizakiez, haragijaleez baizik. Duela 27.000 eta 20.000 urte artean haragijaleek erabiltzen zuten. Inoiz ez zen gizakirik sartu, ez baitago giza presentziaren zantzu bakar bat ere. Animaliek hibernatu egiten zuten bertan, baita harrapakinak gorde eta jan ere. 19.000 urtean, baina, kobazuloa urez bete zen, eta 17.000an lehortu. Garai hotza eta lehorra zen hori, eta orduan sartu ziren kobazulora madeleindarrak, duela 15.000 urte. Ordutik, kobazuloa erromatar garaira arte izan zen gizakien babeslekua. Baina ez etengabean.
“Azken Madeleine aldian, Santimamiñe bizileku bihurtu zen, paisaia oso hotza zelako. Horregatik, haitzuloaren barnealdea okupatu zuten”
Zelakoa da garai hori?
Madeleine aldian hiru etapatan banatzen da kobazuloa: behekoa, uholdeena eta azken madeleiniarra. Santimamiñera datozen lehenengoak oreinen ehiztariak dira. Kobazuloa harategi bat bezalakoa zen eurentzat, haragia prozesatzeko biltegi bat. Horregatik, seguru asko, garaikoak bizi ziren beste aztarnategi edo kobazulo bat egongo da Urdaibain, oraindik aurkitu ez dena. 14.700etik 14.000ra egon ziren bertan lehenak, beste uholde baten ondorioz Santimamiñe urak hartu zuelako. Kobazuloan aurkitu genituen buztin garbien biltegiek egiaztatzen dute hori. Klima aldaketa horiek inguruko ziklo klimatikoen berri ematen dute: hezea, hotza eta lehorra zen. Hala, azken Madeleine aldian, Santimamiñe bizileku bihurtu zen, paisaia oso hotza zelako; gaur Europako iparraldean bizi den eper baten eta elur orein baten hezurrak aurkitu genituen. Horregatik, haitzuloaren barnealdea okupatu zuten. Garai horretan hasi ziren lurrak ematen zuena kontsumitzen.
Etxeko giroa zegoen, beraz.
Bizileku bat zen kobazuloa. Talde osoaren babeslekua zen, eta kobaren espazioaren antolaketa egin zuten. Habitat horren izkina batean, denbora luzez, sua egon zen, eta horrek egonkortasuna islatzen du. Beste izkina bat silez beteta zegoen, eta beste bat faunaz. Orduantxe apaindu zuten kobazuloaren santutegia.
Madeleine aldia amaituta, bertan jarraitu zuten.
Pleistozenoan eta Neolitikoan bertan jarraitu zuten. Azken horiek lehen nekazariak ziren. Etxeko animaliak zituzten, eta zerealak kudeatzen hasi ziren. Santimamiñe ezagutzen zuten baina ez ziren kobazuloan bizi, klimak hori ahalbidetzen zuelako. Horiek duela 6.000 eta 5.000 urteetan datatzen ditugu. Duela 3.500 urte ingurukoek, berriz, haitzuloa hilobi bezela erabiltzen zuten. Garai hartan hasi ziren ehorzketa kolektiboak egiten, trikuharriekin lehenengo. Santimamiñen eta Katillotxun egin zituzten, eta errituala kobazuloetara eraman zuten. Pentsatzen zen eredu hori jarraitu zutela Santimamiñen, 242 giza aztarna atera baitzituzten handik. Baina hezurrak gizabanako kopuru txiki batenak zirela egiaztatu zuen Pako Etxeberriak: sei gizonenak, emakume batenak eta bi zehaztugaberenak.
Garai berekoak ziren?
Batzuk duela 6.000 urtekoak ziren, eta erromatar berantiarrenak beste batzuk. Euren artean, aniztasun genetikoa nabarmena zen, eta ez zegoen ahaidetasun erlazio bakar bat ere. Leinuari erreparatuta, Paleolitikoko leinu ohikoenak zituzten. Aniztasun genetikoa aurkitu genuen, baina jarraitutasun genetikoagaz.
Hori guztia teknologia berriei esker jakin ahal izan duzue.
Santimamiñen 2004tik 2014ra arte egon ginen. Indusketa lan handia egin eta datu asko bildu genituen, hasierako zundaketa lanen emaitzekin monografiko bat argitaratuz. Orain, bildutako datu horiekin denetariko arloak ikertu behar ditugu. Izan ere, 2014az geroztik, ikerketa lanetarako teknologia asko garatu da, eta berrikuntza asko daude. Esaterako, iaz, Atapuercako indusketa batean, neandertalen garaiko okupazio baten sedimentuetatik giza DNA atera zuten.
“Arkeologiari esker, nor garen, nondik gatozen eta gure arbasoak zelakoak ziren edo zelan antolatzen ziren dakigu”
Ezkutuko altxor asko daude eskualdeotan?
Oraindik aurkitu ez diren aztarnategi asko daude aurkitzeko, baina zaila da horiekin topo egitea. Aurten Zierbenan aurkitu dugu aire zabaleko Neolitiko garaiko kokaleku bat, obra bat egin aurreko balorazio arkeologikoan. Beraz, obrarik egin ezean, oso zaila da horietara iristea, lur azpian baitaude. Ikus daitekeena kontrolpean daukagu Busturialdean, baina lurperatuta dagoena ez, eta hor altxor asko daude aurkitzeko. Horregatik, obrak egiten direnean adi egon behar gara.
Zergatik da iragana ezagutzea horren garrantzitsua?
Arkeologiari esker, nor garen, nondik gatozen eta gure arbasoak zelakoak ziren edo zelan antolatzen ziren dakigu. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto ulertuko dugu zergatik gauden hemen. Gaurko bizitza sistema Neolitikoan hasi zen garatzen. Eta ordutik, planeta hondatzen ari gara, modu oldarkor eta azeleratuan ustiatzen ari garelako. Atzera begiratuz gero, aldaketa klimatikoak zeudela ikusi dezakegu, baina aztertu behar da gaur egun gertatzen dena garaian garaikoa den edota gizakiak bultzatutakoa. Historiaurreak zeresan handia du. Antzinako polenak ere, Santimamiñe inguruetan baso naturalak zeudela erakusten du, eta egungo paisaia erabat desberdina da. Garrantzitsua litzateke baso-paisaiak kudeatzen dituztenek atzera begiratzea. Barandiaranek esan ohi zuen bezala, oraina ezagutzen duenak oraina bakarrik ezagutzen du; baina oraina eta iragana ezagutzen dituenak horiek ezagutzeaz gain, etorkizuna hobeto hauteman dezake.
Arkeologia jardunaldien 25. ekitaldia izan da aurtengoa. Arkeologiari buruzko interesa dago?
Batzuetan interes handia dagoela pentsatu izan dut, baina bestelakoa da gaur egun daukadan iritzia. Gernika leku pribilegiatua da, arkeologiari buruzko hedapena egin duen arkeologia taldea dagoelako. Beste leku batzuetan bestelakoa da egoera. Bizkaian egiten diren zabalkunde jardueretara berberak joaten dira. Jardunaldi hauei buruz egiten dudan balorazioa, aldiz, positiboa da. Erantzun handia eduki dute, jende asko etorri da.