La Palmako arrantzaleei ontziak laba isuritik ateratzen lagundu zieten ondarrutarrak
Duela 50 urte La Palma irlako Teneguia sumendiak eragindako hondamendia hurretik bizitzeko aukera eduki zuten Ondarroako baxura ontzietan arrantzan ari ziren Laureano Urkizak, Benjamin Badiolak, Inaxio Osak, Alberto Ibazetak eta Carmelo Azkaratek.
Ikusgarria, beldurgarria, suntsikorra, indartsua, geldiezina…. halakoa da Kanaria uharteetako La Palma uharte-
aren hego-mendebaldean irailaren 19an eztanda egin zuen Cumbre Vieja sumendiaren izaera. Duela 50 urte antzerako egoera bizi izan zuten uharte berean. 1971ko urriaren 26an, irlaren hegoaldean dagoen Teneguia izan zen eztanda egin zuena. 24 egun egin zituen aktibo 1677tik jarduerarik barik egon zen sumendiak.
Garai hartan, Ondarroako hainbat baxurako ontzi aritzen ziren bertan arrantzan. Laureano Urkizak, Benjamin Badiolak, Inaxio Osak, Carmelo Azkaratek eta Alberto Ibazetak zuzenean bizi izan zuten gertaera.
Teneguiak eztanda egin zuen unean Inaxio Osa eta Carmelo Azkarate sumendiaren azpian ari ziren atunetan Juan XXIII ontzian, kostatik 40 bat metrora.

Teneguiak eztandan egin zuenean La Palman arrantzan ari ziren arrantzaleak. Ezkerretik eskumara: Laureano Urkiza, Benjamin Badiola, Inaxio Osa, Alberto Ibazeta eta Carmelo Azkarate.
“Sekulako burrunbada eta dardara sentitu genituen. Ez genekien zer arraio gertatzen zen, baina bat-batean ontzia zeharo belztuta agertu zen”, dio Inaxio Osak. “Kainaberekin zeuden arrantzaleak ez nituen ezagutu ere egin; denak bat-batean belztuta zeuden, errautsez beteta, bata eta bestea ez ezagutzeko moduan. Karelean arrantzatu berri genuen arrain guztia ere erabat belztu zen”, gaineratu du Carmelo Azkaratek. Errautsa ezin kenduta ibili zirela azaldu du Osak. “Gero izan ziren komeriak, errauts hori ezin kenduta ibili ginen. Azkenean, arrain haztegiko uretan sartu behar izan genuen burua garbitzeko”.
Eztanda egin eta biharamunean ailegatu zen laba itsasora. Irlako arrantzaleen 28 ontzi Fuencalienteko itsasargiaren azpian lotuta zeuden, eta laba uholdetik urrun ipintzeko laguntza behar zuten. Ondarroako Gure Alkartasuna eta Beti Alai ontzietako marinelak eskaini ziren laguntza ematera. “Hara joan, eta han zeudenei laguntzea erabaki genuen. Ontzi txiki haiek suntsitzen baziren, ezingo zuten bestelakoan arrantzan egin, eta horregatik laguntzera abiatu ginen”, dio Benjamin Badiolak, garai hartan Gure Alkartasuna-ko sotapatroia zenak.
Balentria ederra egitea lortu bazuten ere, jakin barik euren bizitzak arriskuan ipini zituzten
Erreskate lanak nahikoa azkar egin zituztela esan dute. “Laguntzeko jende asko batu ginen; nahikoa erraz eta azkar egin genituen egin beharreko guztiak”, gaineratu du Laureano Urkizak, garai hartan Gure Alkartasuna-ko makinista zenak. Inguruetan labari kea zeriola atera zituzten ontziak hondartzatik. Ordubete inguruan guztiak onik atera zituzten itsasora. “Laba espero baino arinago behera zetorrela ikusten genuen, baina ontzi guztiak azkar aldentzea lortu genuen. Bata besteagaz txikotagaz lotu eta atoian atera genituen”.
Balentria ederra egitea lortu bazuten ere, jakin barik euren bizitzak arriskuan ipini zituzten. Labak uragaz bat egin zuenean erreskatean parte hartu zuten baxurako ontziak ez zebiltzan oso urruti. “Laba itsasoratzeko zain geratu ginen. Ez ahazteko momentua izan zen. Ezin daiteke hitzez azaldu labak itsasoko uragaz bat egin zuenean zelako kolpea sentitu genuen, sekulako burrunbada atera zuen”, gogoratu du Urkizak.
Badiolak gaineratu du itsasertzetik 50 bat metrora egongo zirela une hartan. “Itsas hondoan egoten diren arrainak gorantz hasi ziren. Hainbeste arrain hil egin ziren, ura irakiten zegoen eta. Guri ez ziguten aparteko gomendiorik eta babes neurririk hartzeko esan. Gaur gaurkoz, ezingo ginateke egon ginen tokian laguntzen aritu. Koinatu bi arrantzara atera ziren ontzi txiki bategaz, eta sufre intoxikazio baten ondorioz bat hil eta bestea ospitalera justu-justuan ailegatu zen. Gu lanean aritu ginenean haizeak beste aldera joko zuela uste dut, ze guk ez genuen arazorik eduki zentzu horretan”.