Galletebeitiak hirugarren puntuaziorik onena lortu du Galdakaon
Finalaurreko baten faltan, finalean egoteko aukerak ditu lekeitiarrak. Etxahun Lekuek irabazi du Galdakaoko finalaurrekoa.
Galdakaoko kiroldegian jokatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu da gaur [azaroak 27] Galdakaoko kiroldegian, eta bertan parte hartu dute Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolari lekeitiarrak eta Josune Aramendi Perez bertsolari markina-xemeindarrak. Lan puntuagarri guztiak egin ostean, Etxahun Lekue larrabetzuarrak lortu du puntu gehien batzea, 547,5 puntu. Beraz, Lekue ere abenduaren 18an Bilbon jokatuko den finalean egongo da.
Finalaurrekoak irabazten dituzten hiru bertsolariez gain puntu gehien lortzen dituzten bost bertsolariek parte hartuko dute finalean. Galletebeitiak 524, 5 puntu lortu ditu gaur, eta Aramendik 463,5 puntu. Azken saioaren faltan, Galletebeitiak gaur lortu dituen puntuen arabera, finalean egoteko aukera dauka. Hirugarren puntuaziorik onena lortu du gaur, eta Etxebarrian bigarren geratu zen Onintza Enbeitak (518,50 puntu) baino puntu gehiago eskuratu ditu. Horrela, finalaurreko baten faltan, lekeitiarrak laugarren puntuaziorik onena dauka oraingoz, eta irabazleez gain beste bost bertsolarik parte hartuko dute finalean.
Epaimahaikideen artean Lea-Artibaikoak egon dira gaur, Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarra eta Graxi Arregi Leonardo markina-xemeindarra. Horiekin batera jardun dute epaimahaian Alaitz Etxanobe Bereziartuak, Ander Arrien Aspiazuk, Joseba Santxo Uriartek eta Miriam Juaristi Urizarrek izan dira. Itziar Basterretxea Olarreaga ondarrutarrak egin ditu idazkari beharrak, eta Igor Menika Bengoetxeak aritu da gai-emaile lanetan gaurkoan.
Hurrengo saioa Larrabetzun izango da abenduaren 4an. Horretan, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak parte hartuko du. Ohi modura, sarrerak Bertsosarrerak webgunean eskuratu daitezke.