Kontserba sektoreko beharginek hitzarmen duin baten aldeko protesta egin dute Ondarroan
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, "Bizkaiko patronala ez da sektoreko langileen baldintzak negoziatzeko borondaterik erakusten ari". Ortiz aurrean elkarretaratzea egin ostean, kontserba-sektoreko langileek manifestazioa egin dute Alamedaraino.
Ortiz lantegiaren aurrean egin duten elkarretaratzea. Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektorea kalera atera da gaur [azarok 27] lan hitzarmen duin bat eskatzeko. Lea-Artibaiko kontserba sektoreko beharginak Ondarroako Ortiz arrain kontserba enpresaren aurrean batu dira, eta Bermeon ere protestak egin dira.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, “Cebek Bizkaiko patronalak ez du sektoreko langileen baldintzak negoziatzeko borondaterik erakutsi”: “Soldaten inguruko eskaintza txiki bat egin dute, baina, lan baldintzen inguruan ez dute berba egin nahi. Uko egin dute sindikatuek plataformetan planteatutako gainerako gaiak negoziatzeari, prekaritateagaz eta lan-osasunagaz zerikusia duten gaiak negoziatzeari. Soldata igoera apur bat besterik ez dute adostu nahi, eta guk diogu, ailegatu dela momentua hitzarmen duin batera jauzia emateko”, azaldu du Jobi Alkorta LAB sindikatuko ordezkariak.
Kontserbena sektore prekarioa dela gogora ekarri du Yari Blasco CCOO sindikatukoak. “Oso sektore prekarizatua dugu, gehienak emakumeak dira, eta negoziazio mahaian zortzi bilera egin ondoren, patronala ez da mugitu, eta sektorearen egoera ez dagoela ondo eta soldatak izoztu behar direla esaten dute”.
Sindikatuek gogorarazi dute kontserbetako langileak oinarrizko langiletzat hartu zirela pandemian, “baina patronalak orain, ez diola garrantzirik ematen, pandemian funtsezko sektoretzat hartu zenari euren baldintzak hobetzerako orduan”.
Deialdia egin duten lau sindikatuak ados daude soldatetan jauzi handi bat eman behar dela, baina horrez gain, “lan baldintzetan hobekuntzak eman behar direla” ikusten dute. Hori dela eta, borroka luzea izango dela aurreikusten dute, “gai horiek guztiak mahai gainean jarri behar dira-eta”.
Greba. Patronalak negoziatu nahi ez duela ikusita hasi dituzte protestak beharginek. Manifestazioa egin zuten Bilbon azaroaren 12an, eta azaldu dutenez, gaur Ortiz aurrera joatea erabaki dute, “Ortiz Bizkaiko mahaiko kide garrantzitsua delako”. Ordu laurden inguru lantegiaren aurrean egon dira protestan, eta ondoren, manifestazioa egin dute Alamedaraino.
Martitzenerako [azaroak 30] ere greba daukate deituta sindikatuek. Informazio taldeak egongo dira goizeko lehen orduetan, eta manifestazioak egingo dira bai Ondarroan zein Bermeon 11:00etan. Ortiz aurretik irtengo da martitzeneko manifestazioa. Gaurko deialdiaren erantzunagaz “pozik” agertu dira sindikatuetako ordezkariak.