'Serendipia' filmak eraman du Lekeitioko 44. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra
Epaileek azaldu dutenez, "zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini duelako" erabaki dute 'Serendipia'ri jaialdiko sari nagusia ematea.
Euskal Zine Bileraren lehiaketako sari banaketa. Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Benito Ansola Ivan del Campo Film onenaren irabazleari saria ematen. Argazkia: Euskal Zine Bilera Lekeitioko Euskal Zine Bilerak iragarri ditu aurtengo irabazleak. Gaur [azaroak 27] arratsaldean ospatutako sari banaketa ekitaldian eman dituzte ezagutzera. Film onenaren saria Iban del Camporen Serendipia filmarentzat izan da. zuzendaritza onenaren saria, berriz, Josu Martinezen Subandila lanari eman diote, eta gidoi onenaren saria Jorge Moneok jaso du Begiak Hesteko Artean filmarengatik. Saridunak erabakitzearen arduradunak Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda eta Ane Pikaza zinegileak izan dira.
Epaileek azaldu dutenez, “zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini duelako” erabaki dute Serendipiari jaialdiko sari nagusia ematea –Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria–. “Pelikula ariketa formal on bat da bere osotasunean”, esan dute.
1.600 euro eta Zilarrezko Antzarrak eraman dituzte, berriz, Martinezek eta Moneok. Martinezen narrazioa eta zuzendaritza balioetsi du epaimahaiak. Subandila “gertakari historiko paregabea” dela esan dute, “narrazio bikain eta zuzendaritza azpimarragarriagaz”. Moneoren lanetik, artxibo lana eta irudi eta soinu jolasak azpimarratu dituzte: “Soinua irudia bezala protagonista bilakatzen da ikusleari indarra transmitituz”.

44. Euska Zine Bilerako irabazle eta omenduak aurkezleekin batera Ikusgarri aretoko agertokian. Argazkia: Euskal Zine Bilera
Ikuslearen saria. Epaimahaiak ematen dituen sariez gainera, ikusleek ere badute zeresana Euskal Zine Bileran. Egun hauetan emandako botoen bidez erabaki dute aurtengo irabazlea Gorka Ezkibelaren Ostendene izatea. Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria eraman ditu.
Epaimahaiak aipamen berezia ere egin nahi izan die bi pelikulari: Eukeni Arriortuaren Memoria lanari, “artelanaren sorkuntza prozesuaren erregistro edarra egiteagatik”, eta Pello Seron eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde filmari, “jorratzen eta plazaratzen dituen gaiak emozioa transmititzen dutelako”.

Benito Ansola bekaren irabazleak. Argazkia: Euskal Zine Bilera
Benito Ansola Beka. Sariak emateagaz gainera, Baleuko eta Dibulitoon ekoiztetxeak omendu dituzte gaurko ekitaldian, “euskal Animazioa finkatu eta horretan lanean etengabe jarraitu dutenak”. Eta, gainera, bi urtean behin Euskal Zine Bilerak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean ematen duten Benito Ansola Sariko bekaren irabazlea ere aukeratu dute. Aurtengo proiektu irabazlea Jone Arriola Lobete, Ana Angulo Umaran eta Itxaso Frau Terradillosen Dena asmatuta dago izan da.

Baleuko eta Dibulitoon omendu ditu 44. Euskal Zine Bilerak. Argazkia: Euskal Zine Bilera