30 korrikalarik parte hartu dute VIII. Errege Bideko Krosean
Oier Kareaga eta Lide Azkue izan dira azkarrenak. bikoteen arteko sailkapenean, berriz, Iratxe Ballarin eta Igor Romero sailkatu dira lehen postuan. Eguraldi txarra egin arren jendea parte hartzera animatu izana pozgarria dela esan dute antolatzaileek.
Berriatuko Udalak eta Urepel Kirol Taldeak antolatuta, VIII. Errege Bideko Krosa lehiatu zuten domekan [azaroak 28]. “Itsasoa eta lurra lotzen” dituen lasterketan, Saturraranetik Berriatuarainoko garai bateko Errege bidea egiteko 30 korrikalarik izena eman zuten, eta denek amaitu zuten lasterketa. Gainera, egindako esfortzua saritu zieten denei; eskualdeko ekoizleen produktuak izan zituzten opari helmugan.
14 urtetik gorakoak 11:00etan hasi zuten Saturrarango aparkalekuan, eta ordu berean, 14 urtera artekoak Arantzibian hasi ziren aringa-aringa. Oier Kareaga izan zen denetan azkarrena; 28 minutu eta 5 segundotan amaitu zuen proba. Emakumezkoetan Lide Azkue nagusitu zen, 37 minutu 18 segundoko markagaz, eta bikoteen arteko sailkapenean, Iratxe Ballarin eta Igor Romero sailkatu ziren lehen postuan. Horiek 40 minututan eta 25 segundotan amaitu zuten krosa.
Eguraldi txarra egin arren jendea parte hartzera animatu izana pozgarria dela esan dute antolatzaileek, eta beste behin, eskerrak eman dizkiete bai horiei eta baita laguntzaile denei ere: “Antolatzaileok zein korrikalariak gustura geratu ginen, eta datorren urtean ere egingo dugu. Boluntarioei, Ondarroako eta Berriatuko udalei, lagundu ziguten herritar guztiei, parte hartzaileei, Mutrikuko Sokatira Taldeari eta bereziki Jabier Urrestiri eskerrak eman dizkiegu”.
*ARGAZKIAK: UREPEL KT/HITZA