Arrigorriko Bodyboard Txapelketaren 2. jardunaldia lehiatuko dutenak erabaki dira
Ondarroako Arrigorriko VII. Bodyboard Txapelketaren 1. jardunaldian 22 parte hartzaile egon dira, eta horietatik 14 sailkatu dira hurrengo jardunaldira. Gazteak "oso ondo" ibili direla azpimarratu dute antolatzaileek.
Ondarroako Arrigorriko VII. Bodyboard Txapelketaren 1. jardunaldia lehiatu zuten atzo [azaroak 28], eta parte hartu zuten 22 kirolarietatik 14 sailkatu dira hurrengo jardunaldira.
Hauek dira sailkatutakoak: Gorka Aginaga, Unax Markuerkiaga, Mikel Begiristain, Ibon Badiola, Alex Eizagirre, Jon Artetxe, Gari Urrutia, Unax Bermeosolo, Oier Santiso, Gotzon Ugartetxea, Hodei Santiso, Aritz Lapazaran, Ismael Ituarte eta Ekain Martin.
2. jardunaldiaren data ez dute zehaztu oraindik. Txapelketa egiteko epea 2022ko apirilera arte ezarri dute, eta eguna olatu mailaren eta eguraldiaren arabera erabaki dutela esan dute. Halaber, hurrengo jardunaldia domekan beharrean, zapatuan egiten ahaleginduko direla jakinarazi dute.
Atzo 09:00etan uretaratu ziren lehen parte hartzaileak, eta 13:00ak aldera amaitu zuten jardunaldia. Gazteak “oso ondo” ibili direla azpimarratu dute antolatzaileek. Eguraldia lagun ez bazuten ere, lehiarako baldintza egokiak eduki zituzten: “Ikusten ez zen jende askorik egon. Olatuak nahikoa ondo portatu ziren, pena izan zen eguraldi eskasa egin izana”.
Txapelketa aurten bestelako formatuan antolatu dute, bi jardunalditan banatuta, hain zuzen. Lehenengo jardunaldian lehen bi errondak jokatu dituzte, hamar txandatan banatuta. Bigarren jardunaldian, berriz, hirugarren erronda, final-laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte. Berezitasun modura, azken fasean lau laguneko txandak jokatu ordez, bikoak jokatuko dituzte: “Azken fasean buruz burukoak jokatzea pentsatu dugu, zerbait berezia egitearren”.
*ARGAZKIAK: ERITZ URROSOLO