Ondarroan ere lan eta pentsio erreformen aurka mobilizatzeko deia egin dute
Mobilizazio egunagaz bat egin duten eragileek eta kolektiboek eguaztenean [abenduak 1] 19:00etan Alamedan batzeko deia egin dute.
Eguaztenerako [abenduak 1] mobilizazioak deitu dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek. Lan eta pentsio erreformak salatzeko eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko manifestazioak egingo dituzte lau hiriburuetan. 30 bat udalerritan ere deitu dituzte mobilizazioak, tartean, Ondarroan. Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez lelopean deitutako mobilizazio egunagaz bat egin duten herriko eragileek eta kolektiboek 19:00etan Alamedan batzeko deia egin dute.
Deitzaileek eta deialdira atxikitu diren eragileek eta kolektiboek mobilizazioaren beharra nabarmendu dute. “Aurreko guztiaren kudeaketa negargarria izan da eta argi geratu da botere ekonomiko eta politikoek kapitalaren aldeko apustua berretsi dutela, bizitzak erdigunean jarri beharrean”.
Lan guztiak aitortu eta enplegurako baldintza duinak bermatuko dituzten neurriak hartzeko ordua dela azpimarratu dute
Agintariek datozen urteetan erabakiak ildo berean hartuko dituztela ohartarazi dute. “Irakaspenak atera eta norabide aldaketa sakonari ekin baino, datozen hileotako eta urteotako aurreikuspenak argi uzten dute erabakiek ildo berean jarraituko dutela: Europar funtsen baldintzapekotasun eta norabidetik hasi, Madrilen hileotan eztabaidagai dauden lan eta pentsio erreformetatik igaro eta gure herriko aurrekontu eta berdintasun politika zein politika sozialetaraino”.
Lan guztiak aitortu eta enplegurako baldintza duinak bermatuko dituzten neurriak hartzeko ordua ere badela gaineratu dute. “Prekarietatera kondenatutako langile belaunaldi berrion aldarrikapena da hau, bazterrean eta ezkutuko lanetan gauden emakumeona, bizirauteko nahikoak ez diren langabezia prestazioak jasotzen ditugunona. Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Bai orain pentsiodunak garen zein eta etorkizunean izango garenonak. Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publiko eta unibertsala”.
Horregatik, testuinguru horretan, “begi onez” ikusi dute euskal gehiengo sindikalak egindako proposamena eta mobilizatzeko deia egin dute. “Arrazoiak ez zaizkigu falta. Ozen eta argi adierazi nahi dugu badagoela gauzak beste era batean egiteko modua; prest gaude norabide horretan borrokan jarraitzeko. Bereizita eta desmobilizatuta nahi gaituzten honetan, elkarrekin indartsuagoak gara”.