Ander Plaza eta Suni Reizabal: "Exijitu beharko genuke zapaltzaileei egindako laudorioak desagerraraztea"
Lekeitioko herri ekimenak antolatuta, ‘Kolonialismoa, Elkanoren mundu bira eta kapitalismoaren hedapena’ hitzaldia eskainiko du Iñaki Gil de San Vicente militante eta pentsalari marxistak eguenean [abenduak 2], 18:00etan, kultur etxean.
Zergatik abiarazi zenuten Elkano Hankaz Gora ekimena?
Ander Plaza: 2018an Elkano-Magallanesen mundu biraren urteurrena sustatzeko Nao Victoria ontziaren erreplika Euskal Herriko portuetara ekarri zuten eta baita bisita gidatuak antolatu ere. Lekeitiora zetorrela ikusita, lagun batzuk batu ginen kolonialista eta inperialista zen sinbolo horri «txarto etorria» emateko. Ikusita datorren urterako mundu biraren 500. urteurrenaren harira Espainiako Gobernuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek Espainiako armadaren «balentria paregabea» eta Elkano bera omendu eta goraipatzeko kanpaina areagotu dutela, Elkano Hankaz Gora, Zapalduen Historia argitara ekimena abian jarri genuen. Beharrezkoa ikusi dugu gertatu zenaren ikuspegi kritiko bat mahaigaineratzea eta horretarako hitzaldi sorta bat antolatu dugu.
Suni Reizabal: Sorpresaz eta tristuraz ikusi genuen horren aurrean Euskal Herrian zegoen erantzun urria, kontraste handia baitago 1992ko urtean Amerikako Konkistaren V. mendeurrenaren harira herri mugimenduak eta ezkerrak, orokorrean, antolatu zutenagaz. Guk, 1992an egin zen bezala, ospatzeko ezer ez dagoela aldarrikatzeko eta historia zapalduon ikuspuntutik kontatzeko beharrizana ikusi dugu, kontakizun ofiziala kolokan jarri eta gezurra biluzteko. Hori da gure ekimenaren helburua. Horrez gain, 2019an Euskal Herrian hainbat eragilek sortutako Elkanori Bira manifestuagaz bat egin genuen.
Lehenengo hitzaldia urrian egin zenueten. Erantzuna zelakoa izan zen?
A.P.: Urriko hitzaldia Axier Lopez Argia-ko kazetari eta Elkanoren Bira ekimeneko kideak eskaini zuen. Nahikoa jende hurreratu zen eta argi ikusi da badagoela interesa gaiaren inguruan.
S.R: Lopezek kolonialismoaren inguruan berba egin zuen eta batez ere, azken urteetan munduko hamaika txokotan kolonialismo hori bultzatu eta bertatik aberastu ziren pertsonen aurka sortu diren ekimenak gogoratu zituen. Euskal Herriko herri gehienetan, ordea, figura horiek goraipatu egiten dira oraindik.
Ander Plaza: “Historiatik gauza asko dauzkagu ikasteko, are gehiago gaur egunera arteko inplikazioak dituzten gertaeretatik”
Historia «menperatzaileen interesen arabera» idatzi eta kontatzen dela diozue. Nola aurre egin ahal zaio horri?
S.R: Argi dago historia ofiziala boterean dagoenak idazten duela. Horren aurrean, guri, zapalduoi dagokigu zapalduon memoria berreskuratzea, zapalduen historia kontatzea, internazionalismo eta herrien elkartasunetik kontakizun ofiziala kolokan ipintzea. Kasu honetan, mundu bira eta Elkano hankaz gora jartzea. Herritar xumeok hausnartu beharko genuke zer pertsonaia eta pasarte historiko omendu eta goraipatu beharko liratekeen. Izan ere, sarri askotan botereak inposatutako historia eta tradizioak geure egiten ditugu irakurketa kritikorik egin barik.
A.P.: Ez gaude beste garai historiko batzuk gogoratzearen kontra, baina ezinbestekoa zaigu hau zapalduen ikuspegitik egitea: herri zapalduen ikuspegitik, langile esplotatuen ikuspegitik, bahitu eta esklabo bihurtutako pertsonen ikuspegitik, sarraskitutako milioika pertsonen ikuspegitik, bortxatutako pertsonen ikuspegitik, jatorrizko herrien ikuspegitik… Historiatik gauza asko dauzkagu ikasteko, are gehiago gaur egunera arteko inplikazioak dituzten gertaeretatik.
Suni Reizabal: “Eliza eta inperioen ezpata eta gurutzearen bitartez egindako sarraskia eta sakeoa ikaragarria izan zen, eta ondorioak orain arte heltzen dira”
Mundu biraren urteurrenari dagokionez, ospatzeko baino lotsatzeko gehiago dagoela deritzozue?
S.R: Elkanoren espedizioa 1492tik aurrera hasitako konkistaren testuinguru orokorrean kokatu beharra dago, kolonialismoa, genozidioa, arpilaketa eta esklabutza suposatu zuena. Mundu bira hura, proiektu inperialista eta kolonialista oso baten baitan ulertu behar da. Eliza eta inperioen ezpata eta gurutzearen bitartez egindako sarraskia eta sakeoa ikaragarria izan zen, eta ondorioak orain arte heltzen dira. Lotsatu baino, zapaldutako herri horiekin batera exijitu beharko genuke zapaltzaileei egindako laudorioak desagerraraztea.
Aurrera begira zer gehiago antolatuko duzue?
A.P.: Iñaki Gil de San Vicente militante eta pentsalari marxistak bihar eskainiko duen hitzaldiaz gain, urtarrilean Idoia Arrieta historialariaren hitzaldia edukiko dugu. Besteak beste, 1492tik aurrera abiatutako konkista testuinguru orokorrean kokatuko du Arrietak.
S.R: Eta aurrera begira ere baditugu beste zenbait ideia buruan. Printzipioz, 2022ko irailaren 6ra arte jarraituko dugu eta egun horren inguruan jatorrizko herrien erresistentziaren aldeko ekimen bat antolatu nahi dugu Lekeitioko mugimendu ezberdinekin.