Barikuan hasiko da Banakako Jai Alai World Tour
Abenduaren 3tik urtarrilaren 7ra jokatuko dute txapelketa, Berriatuako Mendibarren pilotalekuan. Arbe iazko txapeldunagaz eta Aimar txapeldunordeagaz batera ariko dira besteren artean, Erkiaga, Lopez, Barandika eta Olharan.
Hirugarren urtez jarraian, Berriatuko Mendibarren frontoian erabakiko da Banakako Jai Alai World Tour. Barikuan hasiko [abenduak 3] da zirkuitua, eta urtarrilaren 7an jokatuko dute finala. Partidu guztiak 21:00etan hasiko dira.
Aurrekoetan ez bezala, hamalau pilotarik parte hartuko dute (hiru ordezko). ArbeĀ iazko txapeldunagaz eta Aimar txapeldunordeagaz batera ariko dira besteren artean, Erkiaga, Zabala, Goixerri, Antxon, Lopez, Barandika eta Olharan.
Kanporaketa faseagaz hasiko dute lehia; abenduaren 3an, 4an eta 10ean, eta hiru egun horietan sarrera doakoa izango da. Abenduaren 17an eta 23an lehiatuko dituzte final-laurdenak, eta finalerdiak, berriz, abenduaren 30ean. Hiru egun horietarako sarreren prezioak ez dituzte zehaztu oraindik.
Iaz ikuslerik barik jokatu behar izan zuten txapelketa, eta beraz, aurten publikoa bueltatuko delako pozik daude antolatzaileak zein puntistak.
Partiduak. Lehen egunean, Zabalak Basqueren kontra jokatuko du, eta Goixerriren eta Antxonen artekoa izango da gaueko beste partidua. Horietako irabazleek elkarren kontra jokatuko dute abenduaren 10ean. Zapatuan, berriz, Jon Tambourindeguy eta Cosmeren eta Patxi Tambourindeguy eta Laduchen arteko partiduak ikusteko aukera edukiko dute ikusleek, eta irabazleek elkarren kontra jokatuko dute abenduaren 10ean.
Abenduaren 17ko final-laurdenean Erkiagak Olharanen kontra jokatuko du, eta Arbek, ostera, kanporaketa faseko bi irabazleetako baten kontra. Fase horretatik final-laurdenetara sailkatzen den beste pilotariak Aimarren kontra jokatuko du abenduaren 23an. Egun horretan, Barandikaren eta Lopezen artekoa izango da beste final-laurdena.
Banakako txapelketari garrantzia gehiago eta bultzada emateko helburua daukate. “Txapelketa luzatu eta partaidetza handiagoa egotea nahi genuen. Azkenengo urteetan zortzi pilotarik parte hartzen izan dute, eta begitantzen zitzaigun txapelketa apur bat motz geratzen zela, eta gaur egun badaudela pilotari gazteakjoko onagaz eta ilusioagaz jokatzeko moduan”, azaldu du Mikel Plaza Berriatuko Zesta Eskolako kideak.
Berriatuko pilotalekuaren ezaugarriengatik, ezustekoak ere egon litezkeela gogorarazi du Mikel Plazak
Parte hartuko duten pilotariek ondo ezagutzen dute Mendibarreneko kantxa. Izan ere, azkenengo urteetan herriko zesta eskolak antolatutako txapelketetan izan dira.
Txapelketa polita ikusteko aukera egongo dela azpimarratu du Plazak. Profesionaletako batzukĀ Daniatik bueltan datoz, gainera. “Faboritoak hiruzpalau izaten dira beti, baina nahikoa zabala dago. Egongo diren pilotariak sarri-sarri berton jokatzen ibili dira, adibidez, asteburuan amaitu den bertoko txapelketan parte hartzen aritu dira Iparraldekoak. Frontoia nahiko ondo ezagutzen dute, gustura etortzen dira, eta gonbidapena luzatzen zaienean, baiezkoa eman digute, ezelako dudarik barik. Ilusioagaz etorriko dira, eta nahikoa gerra emango dute”.
Pilotari gazte batzuek sekula ez dute parte hartu banakoan. Esperientziak pisu handia eduki ohi du, baina Berriatuko pilotalekuaren ezaugarriengatik, ezustekoak ere egon litezkeela gogoratu du herriko zesta eskolako kideak: “Frontoiko neurriak txikiagoak direnez, gauzak berdindu egiten dira; dena ez da indarra, abilidadea kontuan eduki behar da. Horregatik, horrenbesteko izenik ez duten pilotari batzuk ezustekoren bat edo beste emoteko moduan egon litezke”.
Beste hiru urte. Zesta puntako banakako txapelketa hau datozen hiru urteetan ere Berriatuan jokatzeko akordioa lortu dute.
Zestarentzat albiste ona dela nabarmendu du Plazak: “Bai klubetik eta baita udaletik ere banakako modalitateari bultzada eman nahi diogulako adostu dugu txapelketa berton jokatzea. Herrian berton ere zestak nahikoa indar eta jarraipen dauka. Jende asko ibiltzen da frontoian aste bitartean zein asteburuetan. Eskolan ume pila bat ditugu; azken laupabost urteotan eskolan bertan ere behar asko egin da, eta 50 bat ume ditugu. 1.200 biztanleko herri txiki batean horrenbeste ume edukizeak ilusioa eta beharrean jarraitzeko bultzada ematen du”.