Materialei buruzko hiztegi terminologikoaren sorreran parte hartu du Leartikerrek
Materialen terminologia zientifikoa eta teknologikoa euskal gizartera hurbiltzea du helburu. Hiztegia, Materialen Zientzia eta Teknologia Kongresuaren webgunean kontsultatu daiteke.
Termino zientifiko eta teknologikoen lexiko berri bat sortzea sustatu dute Ceit, Tecnalia eta Markina-Xemeigo Leartiker zentro teknologikoek, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Polymat, Zientzia eta Teknologia Fakultatea eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarekin batera. 1.379 termino bildu dituzte ikertzaileei beren tesiak eta ikerlanak egitean euskarazko berba egokienak errazago aurkitzen laguntzeko, eta gehienak, beste baliabide batzuetan jaso gabeak dira.
Azaldu dutenez, materialen zientzia eta teknologiaren arloko ikertzaile eta teknologoek lantzen dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntza ildoak oso garaikideak eta espezializatuak direnez, etengabe kontzeptu eta termino berriak erabili eta sortu behar izaten dituzte: “Erronka horri aurre egin behar diote euren jarduera euskaraz egiten dutenek ere, eta testuinguru horretan ohikoa izaten da neologismoak erabiltzea eta sortzea. Hala ere, prozesu horrek metodologia jakin bat jarraitu behar du gutxieneko kalitate maila bermatzeko eta euskara batuaren agintaritzek ezarritako arau zein gomendioekiko koherentea izan dadin”.
Hori dela eta, lexiko elebidun hau sortzea bultzatu zuten erakunde eta unibertsitateek 2018an, Materialen Zientzia eta Teknologia Kongresuaren laugarren edizioan aurkeztutako azterlanetan erabilitako hitz espezializatuenak eta materialen ikerketarekin zerikusia dutenak biltzeko euskaraz eta ingelesez.
Hiztegia kongresuaren webguneko aplikazio baten bidez kontsultatu daiteke, eta bi urtez behin egiten den kongresuaren hurrengo edizioetan handituz joango dela aurreratu dute, “unibertsitate ikasleentzat, ikertzaileentzat eta industria sektoreko langileentzat baliabide sendo eta erabilgarri bat eratzeko”.
UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak ere parte hartu du ekimen horretan, eta kongresuaren webgunean ez ezik, Euskalterm banku terminologiko publikoan ere kontsultatu ahal dira berbak.
Egitasmo hau Euskal Herriko Unibertsitatean atzo [azaroak 29] eta gaur [azaroak 30] egiten ari diren bosgarren kongresuan aurkeztu dute.