Osasun larrialdia ezarriko du Jaurlaritzak
Izatez, Jaurlaritza Auzitegi Gorenaren erantzunaren zain zegoen osasun larrialdia ezartzeko. Eta Auzitegi Gorenaren ebazpena gaur jaso dutenez, Jaurlaritzak datozen orduetan ezarri dezake osasun larrialdia. Maskara kanpoan ere derrigorrezkoa izatea nahi dute.
Egoerak txarrera egiten jarraitzen duela-eta osasun larrialdia berriz ezartzeko asmoa dutela esan du gaur [azaroak 30] Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Esan duenez, atzo [azaroak 29] 1.274 positibo erregistratu zituzten, eta 60 ospitaleratze egon ziren ziren Osakidetzako zentroetan. ZIUetan ere 50 pazientera heltzeko zorian daude, «49 paziente daude».
Jaurlaritzak COVID Ziurtagiriari buruz Auzitegi Gorenean jarritako helegitearen ebazpenaren zain egon dira, eta ebazpen hori ere gaur heldu da. Beraz, Jaurlaritzak datozen orduetan ezarri ahal du osasun larrialdia. Lurralde arteko osasun kontseiluari berriro ere eskatuko diote Errege Dekretua aldatzea “kanpoan ere maskara derrigorrezkoa izan dadin”.
Bitartean, indarrean dauden neurriak betetzeko eskatu du, eta gogoratu du prebentzio neurriak ezin badira bete, udalek atzeratu edo bertan behera utzi behar dituztela ekitaldiak.
Egoeraren larritasunaren erakusgarri, beste albiste bat ere eman du; “kirurgia jarduerak mugatu” egin ditu Osakidetzak. Premiazko arreta bermatuta dagoela esan du, baina zailtasunak ditu osasun sistemak. Hala ere, esan du egun dauden oheak “hirukoiztu” ere egin ditzaketela.