Puntu gutxigatik, Lea-Artibairi ihes egin dio BBK sariketaren garaipenak
443,50 punturekin irabazi zuen sariketa Uribe Kosta taldeak, eta Lea-Artibai taldeak 441,5 puntu batu zituen. Txapelketa irabazterik lortu ez duten arren, maila ona erakutsi du txapelketan Lea-Artibaiko taldeak.
Lea-Artibaiko taldea bigarren geratu da Bertsolari Gazteen 29. BBK sariketan, bi puntugatik. Atzo [azaroak 29] jokatu zen finala Bilbon Uribe Kosta eta Lea-Artibai taldeen artean, eta 443,50 punturekin irabazi zuen sariketa Uribe Kosta taldeak; Lea Artibai taldeak 441,5 puntu batu zituen.
Taldekako agurrekin hasi zuten saioa bertsolariek, eta taldeko agurra ere puntuagarria izan zen, beste ariketa bat gehiago moduan puntuatu zuten epaileek. Epaimahaia Beñat Romerok, Leire Etxebarriak eta Miriam Juaristik osatu zuten, aurkezle lanak, berriz, Igor Menikak egin zituen, eta idazkari lanetan Idoia Anzorandiak jardun zuen.
Sariketako kantaera onenaren saria ere eman zuten, eta Uribe Butroeko Jokin Arriolak jaso zuen hori.
Txapelketa irabazterik lortu ez duten arren, maila ona erakutsi du txapelketan Lea-Artibaiko taldeak. Lea-Artibaitik, 18 urtera artekoen artean Amaiur Galdosek, Ariane Sololuzek eta Ziara Larrinagak kantatu zuten. 26 urtera arteko bertsolariak, berriz, Aissa Intxausti, Garazi Navarro eta Nahia Ibarzabal izan ziren. Txikiek lehenengo bidar kantatu dute txapelketan, eta oso ondo aritu dira. Nagusiek Bizkaiko Txapelketan parte hartu dute, eta esperientzia eta soltura nabaritu zaie kantatzerako orduan.
Uribe Kostako bertsolariei dagokionez, 18 urtetik beherakoetan June Diazek, Maialen Lagok eta Peio Lagok kantatu zuten eta 26 urtetik azpikoetan, Mikel Arratek, Oihan Diazek eta Peru Irastorzak.