'Abenduan, on egin!' ekitaldi gastronomikoa egingo dute Amoroton
Neguko bertoko gastronomia dastaketa egingo dute zapatu eguerdian [abenduak 4], amorotarrek amorotarrentzat prestatutako janariekin. Herriko abereen erakusketa ere egongo da.
Bertoko produktuetan oinarrituta, herritarrek herritarrentzat prestatutako jakiak dastatzeko aukera eskainiko du zapatuan [abenduak 4] Amoroton egingo duten Abenduan, on egin! ekitaldi gastronomikoak. “Urtero egiten dugu; normalean abenduko lehenengo zapatuan izaten da ekitaldi gastronomiko hau. Lehenago txahala erre eta afaria egiten zen. Jende asko batzen zen, eta egun garrantzitsua izaten zen. Orain, formatua xumeagoa da. Neguko herritarren eguna da; udan, jaietan ere Herritarren Eguna egiten da”.
Amorotarrak frontoian elkartuko dira, eta bapo jateko menu aproposa edukiko dute. Taloak, txistorrak, odolosteak, salda, herriko karakolak saltsan, arroz-esnea, sagar-saltsa, intxaur-saltsa eta sagardoa egongo dira.
Gainera, herriko abereen erakusketa ere egongo da frontoiaren inguruan, eta bestalde, Amorotoko Eskolaren Gabonetako otzararen zozketarako txartelak salduko dituzte.
Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango dela, eta jende arteko segurtasun tarteak zaindu beharko direla gogoratu dute Amorotoko udal arduradunek.