Gabonetako argi berriak izango dituzte Markina-Xemeinen
Bihar [abenduak 2] argien piztuera ekitaldia egingo da udaletxe aurrean, Hemen Be Bai elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak elkarlanean antolatuta.
Gabonetako argiak piztuko dituzte bihar [abenduak 2] Markina-Xemeinen. Ekitaldi berezia prestatu du horretarako herriko Hemen be bai merkatari eta ostalari elkarteak Markina-Xemeingo Udalagaz elkarlanean. 20:15ean piztuko dira argiak eta udaletxe aurrean jarri dute hitzordua ekitaldirako.
Horrez gain, Irai taldearen kontzertua egongo da, eta elkartearentzako prestatu duen kanta ere abestuko dute, eta elkartearen webgune berria ere ezagutzera emango dute udaletxeko osoko bilkura aretoan egingo dute aurkezpenean.
Elkartekoek jakitera eman dutenez, Gabonetako zozketa egingo dute aurten ere, eta bihartik aurrera hasiko dira txartelak banatzen dendetan erosten dituztenen artean.
Bestalde, #piztudendak2021 Argazki Lehiaketa ere jarriko du martxan Markina-Xemeingo Udalak. Oinarriak bihar emango dituzte ezagutzera sare sozialen bidez.
Berriak. Iazko argiez gain, berriak izango dituzte aurten Markina-Xemeinen. Udalak jakitera eman duenez, alde zaharrean jartzen zirenetako batzuk hondatu egin dira, eta berriak erostea erabaki dute. “Argiak alokatu edo erosteko aukera zegoen, baina erostea errentagarriagoa ateratzen dela ikusi dugu. Argien iraupena 5 urtekoa izan daiteke gutxienez eta merkeago ateratzen zen erostea alokatzea baino”, azaldu du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak. Kontratatzen duten enpresa argiak jartzeaz arduratzen dela gaineratu du. Alde zaharreko argi berrien erosketak 9.292,80 euroko kostua izan du.
Argien helburua “herriko merkataritza indartzea” dela azaldu du alkateak, eta alde zaharrean hainbat merkataritza gune egonda esan du “ezin dela Gabonetako argirik barik geratu”.
Hemen Be Bai elkarteagaz adostu ditu udalak Gabonetako argien ingurukoak, eta gune bat gehiago gehitu dute aurten, Artibai kalean. “Iaz gune berriak eta bakoitzean zer jarri adostu genuen, eta aurten Artibai kaleko beste gune baten ere jartzea eskatu dute. Beste lauzpabost zuhaitzetan jarriko dira argiak”.
Egitura berri bat ere estreinatuko da. Azken urteetan bola formako egitura bat jarri dute Goiko Portalean, baina, aurten, beste era bateko bat ekarriko dute.
“Jartzen diren argiak led argiak dira, kontsumo txikikoak, eta guztiak doaz kaleko argiekin lotuta”. Errege Eguna igaro eta gero, urtarrilaren 9an, itzaliko dira.