Euskararen Egunean literaturari zuzendutako ekintzak izan dira nagusi Ondarroan
Augustin Zubikarai nobela bekaren azken lan sarituak ezagutzeko aukera egon zen barikuan [abenduak 3], Kofradia Zaharrean. Ekitaldi berean, Nanoipuin lehiaketako sariak ere banatu ziren; Irati Goikoetxea Asurabarrena beasaindarrak irabazi du aurten lehiaketa.
Era berezian ospatu dute aurten Euskararen Eguna Ondarroan. Augustin Zubikarai idazle ondarrutarra gogoan hartuta, eta Literatur Amuak jaialdiaren baitan, literaturari zuzendutako ekintzak egin zituzten. Bariku [abenduak 3] iluntzean Kofradia Zaharrera hurreratu zirenek Augustin Zubikarai nobela bekaren azken lan sarituak hobeto ezagutzeko aukera eduki zuten.
Ekitaldia, Lander Garro iazko nobela bekaren irabazlearen Faith eleberria aurkezten hasi zuten. Joxemari Urteagak elkarrizketatu zuen egilea. Lanari buruz sakon aritzeko aukera eduki zuten, eta Garrok berak azaldu zuenez, eleberriak fikzioa eta errealitatea uztartzen ditu. Lanak Euskal Herriko giro politikoaren zantzu asko dituela esan zuen, eta zati horietako batek kutsu biografikoa duela aitortu zuen; hau da, bere esperientziatik eta bizipenetatik kontatuta dagoela esan zuen. Liburua idaztea “esperientzia ederra” izan zela gaineratu zuen eta asko eskertu zuen Augustin Zubikarai nobela bekak emandako aukera; alde horretatik “oso pozik” dagoela nabarmendu zuen.
Udal iturriek jakitera eman dutenez 54 lan aurkeztu dira aurten Nanoipuin lehiaketara
Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak, bestalde, Mikel Alvarez aurtengo nobela beka irabazlea elkarrizketatu zuen. Alvarezek azaldu zuen Euskalia proiektua duela urte batzuk hasi zela garatzen, eta hilabete batzuk alde batera lagata egon ostean, berriro ekin ziola. Orain arte gidoigintzan eta bestelako lanetan aritu izan da, baina honakoa idatziko duen lehen eleberria izango dela esan zuen; halako aukera bat edukitzeagatik eskertuta dagoela gaineratu zuen. Ondarroako beka “literaturgintzara jauzi egiteko aukera” modura ikusi du, eta saria irabaztea ez zuela espero azpimarratu zuen. Albistea jaso zuenean “asko harritu” zela aitortu zuen.
Ekitaldi berean, gainera, X. Nanoipuin Lehiaketako lehen hiru irabazleak ezagutzera eman zituzten. Irati Goikoetxea Asurabarrena beasaindarrak irabazi du aurten lehiaketa. Lehenengo saria irabazita, Goikoetxeak 400 euro eskuratu ditu. Bigarren saria Kattalin Arizmendiarrieta Markuerkiaga ondarrutarrak lortu du, eta hirugarrena, Ainhoa Perez Olabarria ondarrutarrak. Bi ondarrutarrek 200 eta 100 euroko sariak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Parte hartzeari dagokionez, udala pozik agertu da; 54 lan aurkeztu dira aurtengo deialdian. Epaimahaiak azpimarratu du “oso kalitate altuko” lanak aurkeztu direla sariketara, eta nahiz eta 140 karaktere izan, askok ohiko ipuin baten egitura bera dutela nabarmendu zuten.