Arbek eta Lopezek irabazi dute Bartzelonako Opena
Eneritz Lizardi eta Maite Ortiz de Mendibil 23 urtez azpikoen Munduko txapeldunek, eta Maialen Aldazabal eta Ihart Arakistain txapeldunordeek lagunartekoa jokatu dute.
Jokin Arbe markina-xemeindarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak Bartzelonako Opena irabazi dute asteburuan. Hala, bikote moduan beste garaipen bat lortuz borobildu dute urtea. Izan ere, aurtengo denboraldian Jai Alai World Tour zirkuituaren Markina-Xemeingo eta Lekeitioko Masterrak eta Hondarribiako Grand Slama irabazi dituzte alkarregaz.
Olharanen eta Etxetoren kontra domekan [abenduak 5] jokatu zuten finala Vall d’Hebroneko Udal Kirol Olinpikoen zentroko frontoian. Berdinketa hausteko setean erabaki zen opena; 5 eta 10 nagusitu ziren txapeldunak. 10 eta 15 irabazi zuten lehenengo jokoa markina-xemeindarrak eta zumaiarrak, eta bigarrena alde estuagatik galdu zuten: 15-13.
Bestalde, emakumezko munduko txapeldunek eta txapeldunordeek lagunartekoa jokatu zuten. 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa Danok Bateko Eneritz Lizardi mutrikuarrak eta Zumaiako taldeko Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak irabazi zuten urrian, eta Berriatuko Zesta Eskolako Maialen Aldazabal berriatuarra eta Ihart Arakistain sopeloztarra geratu ziren txapeldunorde. Ikuskizun polita eskaini zuten Bartzelonan. Lehia estua eduki zuten, eta berdinketa hausteko seta 5 eta 4 irabazita, nagusitu ziren lagunartekoan munduko txapeldunak. Aurreko bi setak 11 eta 15 eta 15 eta 14 amaitu zituzten.