Goixerrik Basque gainditu beharko du Bakarkako Txapelketan aurrera egiteko
Goixerri-Basque eta Cosme-Ladutxe bikoteak barikuan [abenduak 10] lehiatuko dira Bakarkako Txapelketaren final-laurdenetako txartelak lortzeko ahaleginetan. Final-laurdenak abenduaren 17an eta 23an jokatuko dituzte.
Berriatuan jokatzen ari diren Bakarkako Jai Alai World Tour txapelketaren lehenengo eta bigarren jardunaldiak jokatuta, Basquek, Goixerrik, Cosmek eta Ladutxek egin dute aurrera. Horiek barikuan [abenduak 10] lehiatuko dira, final-laurdenetara sailkatzeko. Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarrak Basqueren kontra jokatuko du, eta Cosmeren eta Ladutxen artekoa izango da bariku gaueko beste partidua. 21:00etan hasiko da Mendibarren frontoiko jaialdia, eta sarrera doakoa izango da.
Basque-Goixerri partiduko irabazleak egungo bakarkako txapelduna den Arbe markina-xemeindarraren kontra jokatuko du final-laurdena abenduaren 17an. Egun horretan, Erkiaga ispastertarrak Olharanen kontra lehiatuko du beste final-laurdena. Cosmek edo Ladutxek, berriz, iazko txapeldunordea den Aimar berriatuarraren kontra lehiatuko dute final-laurdena, abenduaren 23an. Egun horretan, Lopez eta Barandika elkarren kontra ariko dira finalerdietarako txartelaren lehian.
Txapelketaren lehenengo partiduak. Barikuan [abenduak 3] hasi zuten txapelketa, Zabala-Basque eta Goixerri-Antxon bikoteen arteko partiduekin. Lehenengo partidua lehiatua izan bazen ere, buruz burukoan Basquek gauzak zelan egin behar diren ondo dakiela erakutsi zuen. Zabala markina-xemeindarrak ez zuen garaiz erreakzionatu. 9 eta 12 eta 7 eta 12 nagusitu zen iparraldeko puntista.
Patxi Tambourindeguy bidartearra gaixotu egin zen eta Alex Goitiandia markina-xemeindarrak jokatu zuen haren ordez
Lehen jardunaldiko bigarren partiduan, Goixerrik bere “ukitu berezia” agerian utzi zuen. Mutrikuarrak eta Antxon berriatuarrak ikuskizun ederra eskaini zieten frontoian bildutako zaleei; aurrean erremate asko egin zituzten. Lehen jokoan, 12 eta 8 nagusitu zen Goixerri; bigarrena, berriz, etxeko puntistak 8 eta 12 irabazi zuen, eta berdinketa hausteko setean 5 eta 1 gailendu zen mutrikuarra.
Zapatuan [abenduak 4] lehiatu zuten txapelketaren 2. jardunaldia. Patxi Tambourindeguy bidartearra gaixotu zenez, Alex Goitiandia markina-xemeindarrak jokatu zuen haren ordez. Gaueko lehenengo partiduan, Cosme zumaiarrak 5 eta 12 eta 6 eta 12 irabazi zion Jon Tambourindeguyri, Patxiren anaia gazteari. Cosmek eroso mendean hartu zuen; hasieratik nagusi izan zen. Ezinean ibili zen bidartearra.
Goitiaren eta Ladutxen arteko neurketa, ostera, parekatuagoa izan zen. Biek ala biek maila ona erakutsi zuten. Lehenengo setean Ladutx apur bat motel hasi zen, baina berehala suspertu zen, eta aurrea hartu zuen. Hala, 7 eta 12 irabazi zuen. Goitiarentzat izan zen bigarren seta: 12 eta 8. Markina-Xemeingoak eskuinkada indartsuekin min handia egin zion aurkariari. Berdinketa hausteko seta 3 eta 5 amaitu zuten.