Azokan parte hartuko duten sortzaileen zerrenda: Auma (kakorratza eta makrame), Brankaz (uleko apaingarriak eta bitxiak), Brontxe (marrazkiak), Duomo (brodaketa), Gabriel Arrizabalaga (imanak 3D), Hare (erretxina artisautza), Hariarteka (makrame bitxiak) Haritxu (kakorratza), Ilunila (kaltzetorratza), Irune (joskintza eta kustomizazioa), Jone Talledo (argazkigintza), Juan Bidegain (margoak eta koadroak), Ondave (erretxina artisautza), Pande (artisautza tailerra), Pedro (egurrezko artelanak), Resilian (ehungintza diseinua), Trontxo (margoak), Txatxala (joskintza), Txikine (patchwork lanak) eta Uxola (bitxigintza).
Hogei sortzaile batuko ditu Ondarroako sortzaileen lehendabiziko azokak
Kofradia Zaharreko lehenengo solairua herriko sortzaileen topagune bihurtuko da asteburuan. Herritarren eta sortzaileen arteko "sareak josteko" helburuagaz antolatu dute azoka.
Ondarroako sortzaileek Tripi-trapu azoka antolatu dute euren produktuak plazaratzeko. Halako azoka herrikoi bat antolatzen duten estreinako aldia da, eta “ilusionatuta” daudela esan dute. “Estreinako antolatu dugu azoka, eta gure asmoa da gerokoan ere azokak egiten jarraitzea. Honi guztiari jarraipena emateko ilusioa badaukagu behintzat”. Gaineratu dutenez, herritarren eta sortzaileen arteko “sareak josteko” helburuagaz antolatu dute azoka. “Gauza asko egiten dugun jendea dago herrian, eta hori guztia herriratzea eta ezagutzera ematea da gure asmoa”.
Azoka asteburuan [abenduak 11 eta 12] egingo dute Kofradia Zaharreko lehenengo solairuan, eta bertan diziplina anitzeko herriko hogei sortzaile, artisau eta ekoizle txikik ipiniko dituzte erakusmahaiak. Zapatuan [abenduak 11] 10:00etatik 18:00etara eta domekan [abenduak 12] 10:00etatik 17:00etara egongo da zabalik. Bertaratzen direnek sortzaileekin harreman zuzena edukitzeko aukera edukiko dute eta, aldi berean, askotariko lanak edota produktuak ikusteko eta eskuratzeko aukera ere edukiko dute.
“Azokak ondo irteten badu, esperientzia errepikatzeko asmoa daukagu”
Denetarik egongo da azokan: eskulanak, margolanak, argazkiak, bitxiak, jostun lanak… “Bertaratzen denak azoka polit bat aurkituko du. Sortzaileek euren lanari buruzko xehetasunak emango dituzte, eta batzuk, gainera, enkarguak ere hartuko dituzte”.
Hurrengo azokara begira sortzaile gehiago batzeko asmoa daukate antolatzaileek. “Azokak ondo irteten badu, esperientzia errepikatzeko asmoa daukagu. Jakitun gaude sortzaile gehiago dagoela herrian, eta haiei ere dei egiten diegu hurrengo azoketan parte hartzeko”.