Bertan behera utzi dute Lekeitioko Santo Tomas azoka
Lekeitioko Udalak urrian esan zuen aurten egin egingo zela azoka. Orain, baina, Osasun Sailaren aholkuei jarraitu eta ekintza jendetsu hori ez egitea erabaki dute.
“Iaz gertatu zen antzera, aurten ere ezin izango da Santo Tomas azoka ospatu”. Hitz horiekin urrian iragarritako azoka bertan behera geratzen dela adierazi du Lekeitioko Udalak. Dena dela, esan dute aurrerago baserritarren azoka antolatzeko konpromisoa hartu dutela, “baserritarrek ere euren produktuak herritarroi erakutsi eta saltzeko aukera edukitzeko”.
Aurreikusita zeukatenaren arabera, aurten 25 salmahai jartzeko asmoa zeukaten. Baina ekintza jendetsu hori ez egitea erabaki dutela esan dute. “Kontuan eduki behar dugu azoka horretara herritarrez gain eskualdeko jende asko etortzen dela. Kutsadura saihesteko eta denon ongizatea bermatzeko hartu dugu azoka bertan behera uzteko erabakia”.